Berriatuan ere arratoien populazioa kontrolatzeko sistema berritzailea erabiltzen hasi dira
Momentuz Zeharbide kaleko ur zikinen estolderian ipini dute makina. Sistema aurreratu eta inteligenteari esker arratoien populazioa modu eraginkorrean, selektiboan eta jasangarrian kontrolatzen dela diote.
Bermeoko Udalak egin modura, Berriatuko Udalak ere arratoien populazioa kontrolatzeko “sistema aurreratu eta iraunkor” bat instalatu du herriko estolderia batean. “Momentuz Zeharbide kaleko ur zikinen hoditerian ipini dugu. Gero, denborarekin, herriko beste gune batzuetako estolderietara lekualdatuko dugu”.
Sistema berritzaileari esker, arratoien populazioa modu eraginkorragoan kontrolatu ahal dela diote. “Pozoiak izurrite bat dagoenean hori kontrolatzen laguntzen du, baina ez du izurritea saihesteko balio”. Gainera, sistema berriak ezelako pozoirik erabiltzen ez duenez, garbiagoa ere badela diote.
Nola funtzionatzen du? Sistemak arratoiren bat antzematen duenean metalezko pieza batzuekin zapaldu eta hil egingo ditu. Eta zenbatu ere egingo ditu. “Hilabete inguru edukiko dugu kokatu dugun lekuan. Denbora hori pasatakoan ikusiko dugu ipinitako lekuan zenbat arratoi hil dituen. Eta kopurua gutxitzen denean, beste leku batera lekualdatuko dugu”.
Funtsean, arratoien populazioa modu eraginkorrean, selektiboan eta jasangarrian kontrolatzen dela diote. “Sistema horri esker izurriterik dagoen edo ez ere jakingo dugu”.
Berriatuko Udalak esan du sistema berria probatzeko jarri dutela, ez herrian izurriterik dagoelako; Anticimex enpresak jarri du tresna.