Lorea Zulaika: "Konfinamenduak kantuak sortzeko denbora hartzen lagundu zidan"
Bakarlari moduan bere bidea egiten ari da Lorea Zulaika Arriaga musikari eta abeslari ziortza-bolibartarra. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak antolatutako 'Egin leku!' musika deialdiaren irabazleetako bat da.
Noiz hasi zenuen bakarkako ibilbidea?
13 urtegaz ekitaldietan kantatzen hasi nintzen, eta 15 urtegaz gehiago sartu nintzen musikaren mundu honetan. Aulestiko, Etxebarriko eta Markina-Xemeingo lagunekin noizean behin kontzerturen bat jotzen genuen. Kantu txapelketaren batera ere bakarrik aurkeztu nintzen oso gaztea nintzela. Gero, kantak egiten hasi nintzen, eta orain dela bost urte Laudion Gazte Danbada egin zenean, hiru kanta aurkeztu nituen–Youtuben daude–, eta gerora Azalera taldeko gitarra-jotzailea izan zen Beñategaz eskaini nuen kontzertua Laudion.
Zer kontatzen duzu kantetan?
Ez daukat gai zehatzik. Inspirazioaren arabera, mugitzen nauten gauzen arabera sortzen ditut. Badira neure gai pertsonalak, eta baita gai sozialak ere, emakumeen egoerari eta egungo egoerari buruzkoak. Gero eta jende gehiago pobretzen ari dela argi dago, eta asko daude egoera oso prekarioan. Azken kontzertuetan gehienak nire kantak izan dira, asko aurreko urtean sortutakoak.
Pandemiak sortzera eraman zaitu, beraz.
Konfinamenduak sortzeko denbora hartzen lagundu zidan, eta gai desberdinetako kantu nahikoa sortu nituen. Adibidez, film batean oinarritutakoa da bat. Gizonak jotzen duen emakume bati buruzkoa da; filma epaiketa bat da, eta kantan filma bera azaldu dut. Euriari kantaren letra lagun bategaz sortu nuen, ezkutuan dagoen jende guzti horrentzat. Ez da oso argia; ez nuke esango gai zehatz bat daukanik. Batzuetan letrek ez daukate arrazoi konkretu bat, interpretazio zabalagoa daukate.
Eta kontzertu aldetik zelan eragin dizu pandemiak?
Pentsatu eta espero baino gehiago emateko aukera eduki nuen iaz. Uda amaieran Zaldibarko Gaztetxean jo nuen, eta udazkenean bi kontzertu jo nituen Markina-Xemeinen; Okerra Crew kolektiboak gonbidatuta eta Akerbeltz Gaztetxearen urteurrenaren harira. Eta orain dela hilabete Gasteizen egon nintzen, Oihaneder Euskararen Etxeak antolatutako Egin leku! gazteentzako deialdiaren irabazleetako bat izan naizelako.
Zure abestiekin batera, noren bertsioak kantatzen dituzu?
Azken kontzertuetan bizpahiru bertsio jo ditut. Bata Michael Kiwanuka ingelesaren Cold little heart da. Orain pare bat urte hasi nintzen bere kantak entzuten, asko gustatzen zait. Iaz sarrera erosi nuen Bartzelonan ikusteko, eta pandemiagatik ezin izan nuen joan. Nire kontzertuetan esaten dut haren kontzertua ikusi arte bere bertsioa joko dudala neureetan. Maria Arnal eta Marcel Bages katalanekin ere gauza bera gertatu zait. Aurten Iruñeara joateko sarrera erosita neukan. Tu que vienes a rondarme kanta oso polita da, azken urteetan asko entzun dudana.
Musikagaz lotutako ze ikasketa daukazu?
Lehen Hezkuntza ikasi dut, musikako espezialitateagaz. Orain lanbidez ez nabil horretan, baina etorkizun batean baietz espero dut. Iaz Aulestiko musika eskolan egon nintzen lanean. Umetan hasi nintzen instrumentuak jotzen, eta musika ikasten jarraitzen dut. 8 urtegaz hasi nintzen flauta jotzen, Markina-Xemeingo Musika Eskolan. Orain, gitarraz gain, zeharkako flauta eta pianoa jotzen ikasten nabil. Beti nabil ikasten, hobetzen.
Azalera taldeko kidea izan zinen. Zelan gogoratzen dituzu horiek urteak?
Beñat Bidegain, Urki Gojenola eta Jon Lasarte ondarrutarrekin bizpahiru urteko ibilbidea egin genuen. Oroitzapen polita daukat. Ondarroan askotan jo genuen, eta Etxebarrian Elizperocken, Markina-Xemeinen eta Ziortza-Bolibarren ere egon ginen. Gipuzkoako hainbat herritan jo genuen eta, adibidez, baita Lesakan ere. Esperientzia on moduan gogoratzen dut, baina gogorra ere izan zen. Kanpotik ematen du disko bat ateratzea oso erraza dela, baina lan handia dago kantak sortzen, eta dena aurrera ateratzeko ez da erraza finantziazioa lortzea. Crowdfunding-a egin genuen, eta inguruko jende askok lagundu zigun.
Talderako kantak zeuk sortzen zenituen?
Diskoko ia denak denon artean sortu genituen. Hare ale arinagotik neukan kantua da, YouTubera igo nuenetako bat, eta hori rock estilora moldatu genuen, indartsuago bihurtu genuen.
Bakarlari moduan, non debutatu zenuen?
Lehenengoz bakarrik berton kantatu nuen 13-14 urtegaz, Simon Bolivar Plazan, udaletxe zaharraren arkupean. Ekitaldi politiko bat izan zen. Orduantxe gitarra jotzen hasi berri nengoen, eta Mikel Laboaren Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak izan zen kanta. Gerora, aukerak sortu ahala hainbat lekutan jo dut bakarka, eskualdean, adibidez, Aulestiko eta Markina-Xemeingo gaztetxeetan eta Etxebarrian.
“Taldea osatu eta sortuta ditudan kantak grabatzea da helburua”
Otsailaren hasieran zure herrian eskaini zenuen kontzertua. Zelan joan zen?
Ondo, ordubeteko kontzertua izan zen, eta oso gustura egon nintzen. Urduri egon nintzen, ia herri guztia zegoen, adin desberdinetako jendea.
Martxoan Munitibarren eskainiko duzu kontzertua. Zer topatuko dute entzuleek?
Kanta berriak, grabatu eta kaleratu gabeak entzuteko gogoa badaukate hor edukiko dute aukera, eta hemendik gonbidapena luzatzen diot jendeari.
Badaukazu beste kontzerturen bat lotuta?
Apirilaren 30erako Bilbon daukat lotuta, Bira kultur gunean. Aritz Aramendi baxu-jotzaileagaz prestatzen ari naiz bertako kontzertua. Pixkanaka talde formatua hartzeko asmoa daukat.
“Denok dakigu kiroldegira edo gimnasiora entrenatzera noiz joan ahal dugun, baina musika entseguei buruz ez da ezer esaten. Lokalak linbo batean moduan daude, ezin da entseatu, edo bai…”
Zeintzuk dira zure helburuak?
Taldea osatzea da helburua. Behintzat hasieran bikote moduan aritu, eta gero, bateria sartu nahi nuke. Zazpi kanta ditut, eta disko bat ateratzea da asmoa, urte amaierarako ahal bada. Baina lasai hartuko dut. Gauzak ondo egin nahi ditut, presa barik. Ez dut uste disko bat ateratzeko momentua denik. Ikusiko dugu, baina kantak grabatu nahi ditut.
Zelan bizi eta ikusten duzu egungo egoera?
Denok dakigu kiroldegira edo gimnasiora entrenatzera noiz joan ahal dugun, baina musika entseguei buruz ez da ezer esaten. Lokalak linbo batean moduan daude, ezin da entseatu, edo bai… Bakarlari modura ez daukat arazorik, Markinan entseatzen dut, baina han badaude diskoa atera nahi duten taldeak, eta ezin dutenak edo ez dakitenak legez entseatu dezaketen edo ez. Gimnasiora joan ahal bada, zergatik ezin da entseatu? Lege, neurri eta arauak profesionalei begira bideratzen dira askotan , baina zenbat talde amateur daude Euskal Herrian? Horrek ez badira zaintzen, zer egingo dugu? Bestalde, gaztetxeak gazteen lokal modura hartzen dira, eta ez dira gazte lokalak. Ekimen kulturalak eta politikoak antolatzeko dira. Linbo batean geratu dira. Momentu honetan ez daude funtzionatzen, ezin dira zabaldu. Euskal Herrian baliabide piloa dauzkagu, gauzak antolatzeko aretoak eta lekuak. Ez dakit hau ze punturarte luzatu daitekeen eta ze eragin edukiko duen, baina eragin ona ezin du eduki, eta arriskutsua iruditzen zait.
Munitibarren kontzertua, martxoaren 12an. Lorea Zulaikak Munitibarko Udal Aretoan zuzenekoa eskainiko du martxoaren 12an, 19:00etan (doan). 28 pertsonako aforo mugatua ezarri dutenez, astelehenetik aurrera [martxoak 1] izena eman ahalko da udal administrazioan (09:30-14:00) edo liburutegian (16:00-20:00).