Eider Moreno: "Momentu berezi batzuk adieraztea gaitza izan da"
Esperientzia pertsonaletik abiatuta, 'Kattalin ez da jaio' berezko abortuari buruzko komikia argitaratu du Etxebarrian bizi den Eider Moreno Zubiagak. Beste emakume batzuentzako lagungarri izatea nahi du.
Komikiaren izenagatik antzeman daitekenez, berezko abortua dauka oinarri kaleratu duzun komikiak. Zer da bertan kontatzen duzuna?
Oso pertsonala eta intimoa da; guk gure familian esperientzia guzti hau zelan bizi izan genuen kontatzen dut hasieratik amaierara arte. Beste emakume batzuei lagungarri izatea nahi dut, nik ere eskertu egingo nuke-eta horretaz gehiago jakitea guztia gertatzen ari zitzaidanean. Gai ezaguna da, emakume askori gertatzen zaie, baina gero, barrutik bizitzea egokitzen zaizunean ez dakizu zer gertatuko zaizun, oso arrotz sentitzen duzu prosezua.
Berezko abortua gutxi lantzen den gaia dela uste duzu?
Emakumea emakume denetik izan da arrunta, baina gaur egun oraindik ez daukagu naturalizatuta eta ez dakigu horretaz. Medikuntzak mahai gainean jartzen zizkidan aukerak ez banituen hartzen, ez nekien zer egin nezakeen; gorputzak lan hori berez ez zuen egingo galdetzen nion nire buruari. Nire gorputzean zer gertatzen ari zitzaidan ez nuen ezagutzen. Zelan izan daiteke hori? Inpotentzia sentitu nuen. Berezko abortuari ez zaio ematen behar duen garrantzia, baina oso prozesu gogorra da emakumearentzat eta familia guztiarentzat. Argi dago emakumeak bizi duela lehenengo pertsonan, baina normalean emakumea familia batean edo beste pertsona batzuez inguratuta dago. Prozesu oso gogorra da, eta bere lekua eman behar zaio.
Informazioa falta izan zenuela diozu.
Prozesu normala zein izango zen ez dizu inork azaltzen, eta momentu horretan emakumea oso zaurgarri dago beste aukeraren bat egon litekeela pentsatzeko ere. Nik barne lanketa handia egin nuen, eta nire buruari galdetu nion zer gertatuko litzatekeen legraturik ez banuen egiten edo ez banuen pastilla hartzen. Horiek ziren medikuntzatik ematen zizkidaten aukera bakarrak. Galdetu batzuei eta besteei, eta batek esan zidan bere laguna emagina zela eta azaldu ziola prozesua berez ere gertatzen zela. Beraz, zelan da posible bakarrik aukera bi horiek ematea? Medikuntzatik azalpen osoa eman beharko lukete: nahi baduzu eta badaukazu pazientzia hartu zure denbora eta gogoa eta gorputzak haurdunaldia eten denaren kontzientzia hartzen duenean hasiko du bere garbiketa prozesua, eta ez baduzu nahi horrela egin eta gauzak arindu nahi badituzu, dauzkazu beste bi aukera hauek. Nik ez dut esaten aukera naturala izan behar dela denontzako bidea, baina bai hori norberak aukeratu behar duela eta aukera guztiak eman behar direla.
Hurbiltasun eta enpatia falta ere aipatzen dituzu.
Zure barruan zegoen hazitxoa galdu duzula esaten dizutenean ikaragarrizko kolpea hartzen duzu, eta ni sentitu nintzen oso bakarrik eta ezin sinisturik. Ez zuten eduki psikologia pittin bat ere ez. Hau da gertatu dena, eta ematen dizute hurrengo txanda ginekologoarengana joan eta haurdunaldia ez doala aurrera baieztatzeko; oso hotza.
Esperientzia pertsonal batetik abiatu zara komikia egiteko. Gaitza izan da zuretzat esperientzia hori mundu guztiagaz partekatzea?
Berez irten den prozesu bat izan da. Gertatu eta segituan jakin nuen istorio hau kontatu egin behar nuela; nire barrutik irteten zen premia bat zen. Modu batera jaio ez zen Kattalin beste modu batera jaio da, berak egin du bere bidea horrela, nik nire eskuak jarri dizkiot bakarrik, eta horrela irten da. Hasieran, istorioa idatzi egingo nuela uste nuen, ez komiki bat egin.
Baina, azkenean, esperientzia pertsonal hori hitzetara eta irudietara eraman duzu. Zergatik komiki bat?
Ni ere harrituta nago. Idaztekoa izan naiz beti, bizi guztia daramat idazten, ostera, aspalditik ez nuen marrazten. Zirriborrorenbat bai, idazten nuenaren ondoan, detailetxu horrek gustatu egiten zaizkit eta, baina ez nuke inoiz pentsatuko komiki bat egingo nuenik. Ez nuen sinisten asko nire marrazkietan, ez naiz-eta marrazkilari profesionala, hori argi geratu dadila. Lehenengo binetatxo bat irten zitzaidan, baina gero marrazkia bukatzen nuenerako banekien ze marrazki egingo nuen hurrengo. Horrela sortzen joan da apurka-apurka. Beste komiki batzuk itzelezko marrazkiak dituzte, nireak, ordea, sinpleak dira. Hala ere, lan osoa batera ikusterakoan gustatu egin zait emaitza, pertsonalitatea dute. Irudiek adierazteko beste bide bat ematen dutela deskubritu dut. Egia da baita ere, batzuetan marrazki bakarrean adierazi ahal izan dudana idatziz ondo azaltzeko hainbat orri beharko nituzkeela.
Noiz hasi zinen lan horregaz?
Berezko abortua gertatu eta bost hilabetera gutxi gorabehera, oso prozesu luzea izan da. Nik nire bizitzagaz jarraitzen nuen, ama izaten, eta komikia egiteko tartetxoak aurkitzea ez da erraza izan. Batzuetan 15 minutu nituela eta ahal nuena egiten saiatzen nintzen, eta beste batzuetan jarri eta bi ordu egoten nintzen lanean jarraian. Bi urtez luzatu da proiektua azkenean. Ez neukan datarik ezarrita, ez zegoen epemugarik. Oso lasai hartu dut, eta berez joan da irteten. Ez dit esfortzurik eskatu, ordea, momentu berezi batzuk adieraztea gaitza izan da, esate baterako, haurdunaldia ez doala aurrera esaten dizuten momentu hori. Nire barruari kostatu egin zitzaiola uste dut momentu hori ateratzea; ez zen beste irudiak bezain erraza izan.
Komikia ezagutzera emateko aurkezpenak egiten ari zara.
Ez ditut asko egin momentuz. Lehenengoa Uhagonen izan zen. Nire editoreagaz hasi nintzen aurkezpenak egiten. Hori zen gure plana, aurkezpenak batera egitea, berak laguntza hori eskaintzen zidan, baina lehenengo aurkezpena egin eta handik bi hilabetera hil egin zen, golpera, gainera. Hori ere beste prozesu gogor bat izan da. Eta, orain bakarrik ari naiz. Bigarren aurkezpena Zornotzan egin nuen, eta oso polita izan zen baita ere.
Ze erantzun jasotzen ari zara aurkezpenetan?
Honi buruz berba egitera ohituta ez gaudenez, jendea ez da parte hartzera asko ausartzen. Aurkezpena eta gero hurbildu zaizkit emakume batzuk eurei ere gertatu zaiela esanez, eta emakumeei aukera hori emateko bakarrik baldin bada ere ondo dago. Gai honi bere espazioa eman behar zaio. Nik beti esaten dut gauza bat gure barruan ondo osatzeko eta gure inkontzientean kargarik ez eramateko atera egin behar dela, garbitu egin behar da. Polita izaten da, baina oraindik pauso txiki-txiki bat besterik ez da.
Aipatzen duzun espazio horrek zelakoa izan beharko luke?
Emakumeei espazio bat eskaini behar zaie euren esperientziak elkarbanatu eta hortik igaro garen beste batzuen esperientziak ezagutu ahal izateko, emozio horrek eta prozesu guztia kudeatu ahal dela jakin ahal izateko. Aurkezpenak eta gero emakume batzuk aipatu didate ea zergaitik ez dudan zer edo zer antolatzen. Badaukat ideiaren bat buruan, baina dena bezala, etorriko da berez bere momentuan. Espazioa behar-beharrezkoa da, batez ere emakumeek partekatu ahal izateko. Emakumeak elkartzen garenean bata bestearen ispilu izaten gara, eta horrek lagundu egiten digu pila bat. Marrazkiak partekatzen ari naiz Instagramen bidez ere @txantxangorrixa kontuan.