Luis Arraiz karatekak Bizkaiko Txapelketa irabazi du, laugarrenez
Ondarroako Karate Taldeko irakasleak kata modalitateko beterano mailako Bizkaiko Txapelketa irabaztea lortu du. Bi aste barru lehiatuko du Euskadiko Txapelketa, eta ekainean Espainiako Txapelketan parte hartzeko asmoa ere badauka.
Ondarroako Karate Taldeko Luis Arraizek beterano mailako Bizkaiko Txapelketa irabazi zuen kata modalitatean. Txapelketa domeka goizean [otsailak 21] jokatu zuten, Bilboko Bizkaia frontoian.
Arraizek beteranoen mailan Bizkaiko txapelketa irabazten duen laugarren aldia da: “Beteranoetan Bizkaiko bosgarren txapelketa izan da oraingoa, eta bat izan ezik beste guztiak irabazi ditut; iaz zilarrezko domina lortu nuen. Absolutu mailan egon nintzenean ere askotan irabazi nuen”.
Beteranoen kategorian 19 karateka lehiatu ziren. “Gazteagoen kategoriak ere lehiatu ziren, baina gehiengoa beteranoak izan ginen. Azkenaldian beteranoak gehiago izaten gara. Domekan ere absolutu mailan bostek lehiatu zuten, eta gu hemeretzi. Nire kideak maisu handiak dira, maila handikoak”.
Bi aste barru Euskadiko Txapelketaren lehian ariko da, Getxon. Orain dela bi urte bigarren geratu zen, eta aurreko bietan txapeldun (iaz ez zen egin osasun larrialdiagatik). Ekainaren erdialdera Lanzaroten [Kanaria uharteak] egotea espero du, Espainiako Txapelketa lehiatzeko. Apirilean, baina, Madrilen beste txapelketa batean parte hartuko du: “Estiloen kopa antolatzen den lehen aldia da, eta interesgarria da. Ahal dudan leku guztietara aurkezten naiz”.
Kata modalitatea. Arte martzialen barruan, kata modalitatean bakarka aritzen dira. Forma esan nahi du katak, entrenatzeko forma edo modu bat da: “Koreografia antzekoak dira, orain dela ehunka urtetik programatuta, eginda dauden koreografiak. Zerrendatuta daude kata ofizialak, eta horiek egiten ditugu. Domekan hiru kata egin genituen. Bakarka borrokatzeko eta entrenatzeko da; ez da aurkariaren kontra borrokatzen”.