Naia Torrealdai: "Eremu feminizatuak dira gehienbat borrokak piztu dituztenak"
Zeintzuk dira Euskal Herriko Bilgune Feministak aurtengo M8an plazara aterako dituen aldarrikapenak?
Guretzako inportanteena izan da Euskal Herriko Emakume Mundu Martxak mahai gainean jarri duen prozesuari eta gaiari heltzea. Hau da, Mundu Martxak fokua jarri du migrazio politikan, kolonialen eta transnazionalen inguruan eta Europako mugen inguruan, beraz, horri helduz guk nahi izan dugu Euskal Herri feminista eta antiarrazista batera joateko beharrizana aldarrikatzea. Ikustea zelan hor badaukagun gure aldetik lan sendo bat pribilegioen eta zuritasunaren inguruko hausnarketa egiten, baina ez dela bakarrik ariketa pertsonal eta indibidual bat izan behar. Kolektibotasunean oinarritu behar den prozesu bat izan behar da. Horretarako kontuan eduki behar da arrazakeria eta neokolonialismoa egiturazko zapalkuntzak direla. Sistemari eragiteko mekanismoak sortu behar ditugu.
Transnazionalen botere korporatiboa eta mugen eta migrazio politika kudeaketa arrazista eta koloniala bistaratu eta salatzeko da V. ekintza. Kudeaketa horrek ze ondorio ditu gure egunerokoan? Eta non ikusten da?
Migrazio politikak errefuxiatuen krisia baino ez dela ematen du guretzat, eta Mediterraneoan gertatzen den sarraski izugarri horretan geratzen dela, eta gure egunerokotasunean ez daukala isla. Daukagun zaintza kate globalean, emakume migratu eta arrazalizatuen lepoetan sortzen den zaintza lan hori guztia da gure etxeetan egunero bizi duguna. Askotan bermatzen dugu gure nagusien eta menpekotasunean dauden pertsonen zaintza eskulan merkea daukaten pertsonengan. Kapitalak zapalkuntza desberdinak erabiltzen ditu eskulan merke hori lortzeko. Kontzientzia hartu behar da, eta ikusi sistema kate globala dela, sistema osoan ikusten den zerbait dela. Arrazakeriak berak sortzen duen egiturazko orden batek eragiten du hori. Transnazionalen gaian, kontuan eduki behar dugu merkatu libreak ipintzen dituen logiketan iparralde globaleko herrialdeetako enpresak direla hegoalde global horretara espoliatzen joaten direnak. Europar moduan, zeharka bada ere, onura hori jasotzen dugu. Beste alde batetik, egunerokotasunean jende asko dago irregulartasun egoeran. Hori, oro har, atzerritartasun legean kokatzen da Espainiako Estatuan. Baina gure aldundiek eta gure udalek zeresan handia daukate horretan. Lan kontratuen eta erroldatze prozesuen bidez lortu ahal da erregularizazio prozesuak egitea. Botere harremanetan eta egunerokotasunean igartzen diren mikroarrazakeriak edo norbanakoetan geratzen den arrazakeria sistematikoa komunikabideek bultzatzen duten beldurraren politikan geratzen dira.
Pandemiak gauza asko utzi ditu agerian, tartean zaintzaren garrantzia.
Bizi dugun testuingurua pandemia baten erdian da, eta horri ezin diogu alde batera begiratu. Urte osoa daroagu diagnostiko bera egiten. Aspalditik gabiltza esaten zaintza krisi batean gaudela. Martxoak 8ko lehenengo greban esan genuen, baina lehenagotik genbiltzan esaten. Pandemiak lehertu duena ez da bakarrik osasun krisi bat. Sindemietaz berba egiten da. Kapitalismoa berregituratzen zegoen momentu batean, agerian utzi du zelan bizi dugun sistema oso baten kolapsoa. Horretan zaintza krisia bera bizkortu egin da, eta ikusi da zelan kapitalismoak eta neoliberalismoak ez duten inondik inora erdigunean jarri bizitzen bizigarritasuna edo bizitza duinen aldeko apustua. Agerian geratu da sistemak ezin duela sostengatu jendarte honen zaintza. Ikusten da zelan egoitzetako emakumeak dabiltzan borrokan, etxeko langileak… Bizkortu da osasungintzan ematen den krisi osoa, eta zelan eremu feminizatuak diren gehienbat borrokak piztu dituztenak. Eurak dira pandemia honetan lehenengo lerroan egon direnak, esparru erabat prekarizatuetan.
Lortu ez den berdintasunera heltzeko zer landu behar da?
Martxoaren 8a, berdintasunaren alde lan egiteko eguna oso instituzionalizatuta geratu dela uste dut. Eta lotzen da, oro har, lanaren banaketa sexualagaz, soldata arrakalagaz, kristalezko sabaiagaz… Euskal Herriko mugimendu feministak daukan balore bat da ikusten duela feminismoa zerbait eraldatzaile moduan, errotik sistema osoa aldatzeko tresna politiko moduan, proiektu politiko moduan. Berba egin behar da arlo batzuetan ematen diren desberdintasun batzuei buruz baina, oro har, gu jada ez gaude kristalezko sabai horretaz berba egiten. Gehiago gabiltza lokatzean dabiltzan emakumeetaz berbetan. Hori aldatzeko jada ez dira behar bakarrik berdintasunaren aldeko diskurtsoak. Justua ez den sistema batean berdintasunaren alde benetan borrokatzea da sistema osoa aldatzea. Horretan lan asko dago, eta eremuz eremu joan gintezke. Lan asko dago egiteko, eta berdintasun horren bidean gizonek hartu beharreko ardura dago.
Ze ondorio nagusi atera dituzue Bilgune Feministaren azken topaketetan? Zer landu, zertan sakondu behar da?
Bi lan edo erronka nagusi irten zaizkigu. Alde batetik, gure arrazakeria bera aztertzea, horri buelta ematea, horretaz ardura hartzea eta sistema honetan zuriak izateak ematen dituen abantailez eta pribilegioez jabetzea. Eta ikustea zelan borroka hori lotu ahal dugun eskubide unibertsalen aldeko borroka batean. Baita ere bilgunean txertatzea zer den bilgune feminista antiarrazista bat, eta zelan uztartu ahal ditugun borroka desberdinak, beti ere kontuan edukita gure kokalekua eta borroka antiarrazistan emakume arrazalizatuek daukatela lidergotza. Bestetik, lanketa egin behar dugu gure iraganaren inguruko errepaso eta berpentsatzean kolonialismoa eta teoria dekolonialaren inguruan. Garrantzitsua da planteatzea zer den Euskal Herri dekolonial bat. Egitekoen artean daukagu Euskal Herriko iragana perspektika horretatik begiratzea, eta batez ere, emakumeok igaro ditugun hainbat zapalkuntza horietatik ikastea, eta ikustea zelan txertatu ahal diren tresna horiek Euskal Herriko irakurketan.