EH Bilduren Gobernu Taldeak diru laguntzen banaketan "gardentasun gutxi" duela salatu du Ondarroako EAJk
Ikastetxeei diru laguntzak emateko prozesuetan ere gardentasunez jokatzeko eskatu dute jeltzaleek.
Ondarroako EAJko kideek diotenez, EH Bilduren Gobernu Taldeak 2018-2019 aldiko Diru Laguntzen Plan Estrategikoaren beste luzapen bat onartzeko erabakia hartu zuen otsailaren 25eko osoko bilkuran. Erabaki horregaz ados ez daudela adierazi zuten jeltzaleek. Azken horiek diotenez, 2018-2019 aldirako Diru Laguntzen Plan Estrategikoan 2021erako esleitutako zenbatekoak jasotzen dituen eranskin bat dago, eta taldeei oraindik eman ez zaizkien 2020ko diru laguntzen zenbatekoen zati bat ere jasotzen da. “2018, 2019 eta 2020ko diru laguntzen izapideak atzeratu egin direnez, ezin izan da Plan Estrategiko berri baten oinarriak ezartzeko beharrezko ebaluazioa egin”. Horren aurrean, EH Bilduren Gobernu Taldeak diru laguntzen banaketan “gardentasun gutxi” duela salatu dute.
Gaineratu dute Plan Estrategikoa ez dela diru laguntzen hartzaile izango diren taldeekin kontrastatu. Horren aurrean, jeltzaleek eskatu dute osoko bilkuran eztabaida hori atzeratzea eta zirriborro gisa batzordeei helarazteko, “taldeak entzuteko, dokumentua hobetzeko eta zenbatekoak haien beharretara egokitzeko”.
“Taldeei kronograma bat aurkeztu behar zaie diru laguntzak nola eta noiz izapidetu azaltzeko. Kronograma hori serioa izan behar da, ez Udalbarrietan egindako propaganda bat”
Jeltzaleek esan dute 2020ko laguntzak ere Plan horretan jasota daudela, eta pandemia dela eta, gizarte, kultura eta kirol arloan jarduera gutxiago egin direla eta ondorioz “beharrizanak berraztertu” egin beharko liratekeela. “Kontuan hartuta 2019ko diru laguntzak oraindik ez direla itxi, taldeei kronograma zehatz bat aurkeztu beharko zaie 2020ko eta 2021eko diru laguntzak nola eta noiz izapidetu ahal izango diren azaltzeko”. Kronograma hori “serioa” izan behar dela diote, “ez Udalbarrietan egindako propaganda bat”.
Ikastolari emandako diru laguntza. Hilabeteak atzerago salatu moduan, Ondarroako EAJk berriro mahairatu du EH Bilduren Gobernuak 2021erako Plan Estrategikoan 30.000 euroko diru laguntza bat sartu zuela Egunsentia Elkarte Kooperatibarentzat (Zubi Zahar Herri Ikastola kudeatzen duen elkartea). Jeltzaleek herriko hiru ikastetxeentzako diru laguntza deialdi bat egitea proposatu bazuten ere, ez zen onartu. “Zaldupe Elkargo Publikoa eta Institutua modu berean kontuan hartzea proposatu genuen arren, ez zen onartu”.
[EH BILDU-REN ERANTZUNA IRAKURRI]
Ildo horretatik, Udal Gobernu Taldeak ikastolagaz diru laguntza kobratzea ahalbidetu dion hitzarmen bat sinatu zuen bitartean, gainerako ikastetxeek proiektuak aurkezteko udalak 2020rako eta 2021erako diru laguntzen deialdi orokorra egin arte itxarton behar dutela diote. “Diru laguntzez ari garenean, bere jardueretarako laguntzez ari gara, ez Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin batera Eskola Publikoari eskaintzen dizkion inbertsioez. Izan ere, inbertsio horiek egitea udalaren legezko betebeharraren barruan kokatzen dira”.
EAJko kideek diote ez dutela kritikatzen laguntzak eskatzeko eskubideaz baliatuz horiek eskatzen dituztenak. “Udal Gobernu Taldearen jokabidea kritikatu dugu. Udalari dagokio laguntza horiek nola eman behar dituen aztertzea eta ekitatez eta gardentasunez egitea”.
Jeltzaleek diote pena sentitzen dutela Gobernu Taldeak ez duelako oposizioko taldea entzuten. “Baina benetan larria dena da ikastetxeetatik diru laguntzak emateko prozesuetan gardentasuna eskatzen dutenei ez erantzutea, bai eta hiru ikastetxeak modu eta baldintza berdinetan jaso ahal izatea eskatzen diotenean”.
[EH BILDU-REN ERANTZUNA IRAKURRI]