Ondarroako EH Bilduk gezurtatu egin du ikastolari emandako diru laguntzari buruz EAJk esandakoa
Koalizioko ordezkariek esan dute diru laguntza onartzerakoan ez dutela ezer ezkutatu. Herritarren artean konfrontazioa sortu nahi izatea egotzi diete jeltzaleei.
Ondarroako EH Bilduk EAJk esandakoari erantzun dio eta argitu nahi izan dute ikastolari emandako diru laguntzan ez dutela ezer ezkutatzeko, “are gutxiago diru publikoarekin emandako laguntza batean”. Esan dute diru laguntza hori urteko aurrekontuan sartuta dagoela eta iazko irailaren 17an eta abenduaren 17an egindako Hezkuntza Batzordeko bileretan gaia landu zela alderdi politikoetako, herriko ikastetxeetako eta guraso elkarteetako ordezkariekin. “Laguntza honetan ez dago ezkutatzeko ezer. Gardentasun gutxi edukitzeko modu arraroa, ez?”, gaineratu dute EH Bildukoek.
Azaldu dute Zubi Zahar herri ikastolak Ondarroako Udalari hezkuntza proiektua aurrera eramateko laguntza eskatu ziola, “herriko beste hainbat taldek proiektu zehatzetarako egiten duten moduan”. Eta esan dute diru laguntza horrek ez zuela Hezkuntza Batzordeak banatutako gainerako diru laguntzetan murrizketarik sortu. “Beti esan dugu hezkuntzan inbertitu egin behar dela eta ez murrizketak egin, eta udal gobernutik egokia ikusi genuen hezkuntzan proiektu hori garatu ahal izateko”.
EH Bildukoek diote herritarren kontura ezin dela konfrontaziorik sortu. “Gauza bat da udal taldeen artean iritzi desberdinak egotea, eta beste bat herritarrak elkarren aurka ipintzea”
“Konfrontazioa sortu nahian?”. Azpimarratu dute EAJ agintean dagoen beste udal batzuetan ere diru laguntzak ematen zaizkiela ikastolei euren proiektuak garatzeko. “Beraz, zergatik dago Ondarroan txarto EAJk beste herri batzuetan egiten duena? Ez ote da izango EAJk konfrontazioa sortu eta etekin politikoa atera nahi duela honekin guztiarekin? Zorionez Ondarroan gaur egun existitzen ez den ikastetxeen arteko arrakala berpiztu nahian ari ote da EAJ?”. EH Bildukoek diote herritarren kontura ezin dela konfrontaziorik sortu. “Gauza bat da udal taldeen artean iritzi desberdinak egotea, eta beste bat herritarrak elkarren aurka ipintzea, horrek herrian eta etorkizun laburrean eduki ditzakeen eragin eta ondorio negatiboak kontuan hartu gabe”. Horren aurrean, “azpijokorik” ez dutela onartuko diote. “Ez dugu onartuko joko politikoan etekina ateratzeko herritarrak eta herriko eragileak nahastea. Ez jolastu hezkuntzagaz. Egin zuen proposamenak, baina bazterrak nahastuz ez ahalegindu herritarrak zatitzen eta banatzen”.
Koaliziokoek gaineratu dute “zorionez” Ondarroako Hezkuntza Batzordea “oso aberatsa” dela. “Herriko ikastetxeek, guraso elkarteek eta gainontzeko taldeek ekarpen benetan politak egiten dituzte, eta kasu honetan ere azalpenak denei eman zaizkie”. Eta gaineratu dute laguntza esker doazen guztiei euren proiektuak aurrera eramaten lagunduko dietela.