Markina-xemeindarrek barikura arte jaso ahal dituzte Lilatoiko kamisetak udaletxean
Atzo [martxoak 1] hasi ziren banaketagaz. Guztira 86 pertsonak jasoko dituzte kamisetak Markina-Xemeingo udaletxean.
Lilatoiko kamisetak ailegatu dira Markina-Xemeingo udaletxera, eta barikura arte [martxoak 5] jaso ahal izango dira, udaletxeko Berton bulegoan, 08:15etik 14:30era. Nahiz eta aurten ezingo den ohiko Lilatoia egin, ekimena babestu eta herritarrei parte hartzea erraztu nahi izan die udalak. Azaldu dutenez, mugikortasun neurriak direla eta egon zitezkeen eragozpenak saihesteko, kamisetak eskura jarri nahi izan dituzte, eta jasotze puntu zerbitzua eskaini du udalak herritarrentzat.
Guztira, 86 pertsonak jasoko dituzte kamisetak Markina-Xemeingo udaletxean. Atzo [martxoak 1] hasi ziren banaketagaz, eta aipatu dutenez, jadanik erdiak jaso dituzte eurenak. Argitu dutenez, senide edo lagun batek ere jaso dezake kamiseta.
Lilatoia modu birtualean egingo da aurten, eta asko izan dira parte hartzera animatu direnak. Oraindik izena emateko epea zabalik dago, martxoaren 4ko 23:55etara arte egin ahalko da, baina kamisetak nahi dituztenek Donostiako Club Atletico San Sebastianen jaso beharko dituzte jada.
5 kilometroko lasterketa, berriz, barikuko [martxoak 5] 06:00etatik asteleheneko [martxoak 8] 23:00ak bitartean egin ahalko da. Horrez gain, aurten beste aukera batzuk daude parte hartu ahal izateko: oinez edo nordic walking eginez, patinekin edo handbike-agaz. Parte hartzaileek erabakiko dute zein herritan eta herri horretako zein lekutan egingo duen 5 kilometroko ibilbidea.