Azken orduetan zortzi kasu gehiago erregistratu dituzte Lea-Artibain
Markina-Xemeinen 5 kasu erregistratu dituzte, eta bana Berriatuan, Lekeition eta Ondarroan. Markina-Xemeingo intzidentzia tasa 100 puntu igo da, baina herriak gune horian egoten jarraitzen du. Labi Aholku Batzordea barikuan [martxoak 5] batuko da.
Azken orduetan Markina-Xemeinen (5), Lekeition (1), Ondarroan (1) eta Berriatuan (1) erregistratu dituzte COVID-19arekin kutsatutako kasuak. Azpimarratzekoa da Markina-Xemeingo intzidentzia tasak 100 puntu gora egin izana; herriak gune horian egoten jarraitzen du, baina azken 48 orduetako bilakaera mantenduz gero, intzidentzia tasak gora egiten jarraituko luke. Mutrikun kasurik erregistratu gabe jarraitzen dute, eta herriko intzidentzia tasak 0 izaten jarraitzen du.
Herriz herriko intzidentzia tasa (eguneratuta):
- Amoroto: 0 (=)
- Aulesti: 0 (=)
- Berriatua: 159,11 (=)
- Etxebarria: 0 (=)
- Gizaburuaga: 0 (=)
- Ispaster: 0 (=)
- Lekeitio: 221,39 (=)
- Markina-Xemein: 179,10 (azken orduetan 100 puntu igo da)
- Mendexa: o (=)
- Munitibar: 0 (=)
- Mutriku: 0 (=)
- Ondarroa: 128,40 (azken orduetan 50 puntu inguru jaitsi da)
- Ziortza-Bolibar: 0 (=)
Bestalde, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiak agerraldia egin du gaur [martxoak 3] Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, eta esan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistema “sendoa” dela eta birusaren erasoari aurre egiten jakin duela. Horrez gain, azken urtean COVID-19arekin kutsatutako 702 pertsona positibori eman zaie arreta ospitaleetako plantan; horien egonaldia batezbeste 9,62 egunekoa izan dela esan du. “ZIUn 1.214 pertsona egon dira”. Lehen Mailako Arretan 221.000 telefono kontsulta eta 270.000 kontsulta presentzial erantzun dituzte eta laborategi sareak 2,3 milioi proba aztertu ditu. “Azken horien bidez 148.000 positibo identifikatu dira”.
Labi Aholku Batzordea barikuan [martxoak 5] batuko da, eta martxoaren 8tik aurrera indarrean egongo diren neurriak iragarriko dituzte. Josu Erkoreak aurreratu duenez, egoera epidemiologikoak arauak malgutzeko aukera ematen du. Beraz, litekeena da lurralde barruko mugikortasuna baimentzea. “Autonomia erkidegoa zabaltzeko goizegi da”.
Gune gorrian dauden herrien zerrenda ere eguneratu zuen atzo [martxoak 1] Jaurlaritzak. Eta gune gorrian bakarrik 3 herri daude, eta hirurak 5.000 biztanletik gorakoak dira; 5.000 biztanletik beherako herri bakar bat ere ez dago gune gorrian: OƱati (994,07), Santurtzi (600,74) eta Derio (578,47).