Ibone Ibazeta Goitia: "Informazio fidagarriak begiradak zabaldu ditzakeela uste dut"
Zakildun alabaren ama da Ibone Ibazeta Goitia lekeitiarra. Ume transexualen errealitatea «ikusarazi eta normalizatzeko» bere alea ipini nahi du, eta horretarako sortu du Instagramen 'e_mozioz' kontua.
‘e_mozioz’ kontua sortu duzu Instagramen. Zerk bultzatu zaitu proiektu hau sortzera?
Abenduaren bukaeran zabaldu nuen, azken hilabeteetan bizitzen ari nintzen esperientzia pertsonal gogorra besteei zabaldu eta norbaiti lagungarri gerta lekiokeelakoan. 2020ko udan, gure 4 urteko alabak, momentu hartara arte mutila zela uste genuenak, bera benetan neska zela jakinarazi zigun. Gure alaba «genital maskulinoekin» jaio zen, eta genitalek pertsonaren identitatea (neska edo mutila izatea) zehazten ez dutela badakigun arren, gehiengoan genitalak identitateagaz bat etortzen direnez, bera mutila zela uste izan genuen. Baina bere kasuan ez zen horrela izan, beste pertsona askoren kasuan izaten ez den bezala. Izan ere, gehiengoan hala izateak beti horrela ez dela adierazten du. Alaba benetan den neska modura ikusi eta hori onartu genuen, eta segituan transitua etorri zen.
Zer da transitua?
Transitua ez da alabak egin behar izan zuen aldaketa, bera neska izan baita beti. Transitua bere inguruko pertsonek egin behar izan genuen begirada aldaketa da; begirada aldatu bera benetan den modukoa ikusteko; etxekook, famili guztiak eta lagun eta ingurukoek. Gure alaba momentu horretan berpiztu egin zela esan dezakegu, disdiratzen hasi zen pozaren pozez. Bere burua aurkitu zuen. Ezin dut hitz gutxitan azaldu berarentzat izandako loratze hori. Hori ikusteak ematen zidan indarra momentu gogor haietan aurrera jarraitzeko. Niretzat aldaketa piloa izan da kudeatzeko hilabete baten buruan, oso denbora gutxian, eta gainera, pandemia garaian. Prozesu honetan guztian konturatu nintzen gure inguruan, ez Lekeition ezta eskualde osoan ere gure alabaren moduko beste umeren baten kasurik ez zegoela, beraz, erreferenterik ez zegoela. Umeen hazkuntzari buruz kontsumitzen nituen Instagram moduko sareetan ere ez nuen aurkitzen halako familien erreferenterik. Gainera, gure alabaren errealitateak inplizitu dituen lotsa, kulpabilitatea eta mila eratako ikara izugarriak geroz eta indartsuago sentitzen nituen barnean. Honegaz guztiagaz behea jo nuen.
Momentu hartan nora jon zenuen laguntza eske?
Laguntza mediku eta psikologikoa bilatu nuen, eta sentitzen ari nintzen emozio eta ikara guztiak ikusi, onartu eta neureak egin nituenean, hauekin zerbait lagungarria egin nezakeela pentsatuz e_mozioz kontua sortu nuen.
Beharrizana ikusita sortu duzu, beraz. Zein da helburua?
Nire errelitatea, zakildun neska baten ama bezala ikustarazi eta normalizatzea da helburua, eta honela norbaiti laguntzeko beharrezkoa den erreferentea sortzea.
Zer da bertan jasotzen edota kontatzen duzuna?
Batez ere nire emozio, sentimendu eta ikarak kontatzen ditut, honekin Haurren Transexualitate terminoaren atzean gauden familiok bizi duguna zabaldu eta ulertu ahal izateko. Bestalde, transexualitatea behar bezala ulertu ahal izateko oinarrizko kontzeptuak edo informazioak aipatzen ditut, uste dudalako informazio fidagarriak aurreritziak apurtu eta begiradak zabaldu ditzakeela. Eta umeekin sexu aniztasuna txikitatik lantzen joateko aurkitzen ditudan material edo ipuin interesgarriak partekatzen ditut, gai hau lantzea ume guztientzako onuragarria baita, eta interesaturik dauden guraso eta hezitzaileak daudela badakit. Azpimarratu nahi dut ez naizela ez sexologoa ezta transexualitatean aditua, horretaz ikasten ari den ama eta hezitzaile bat baizik.
“Transexualitatea ez dela aukeratzen den zerbait, inork ez du aukeratzen bere bizitza hainbeste korapilotzea”
Ze mezu zabaldu nahi dituzu?
Lan asko dagoela oraindik transexualitatearen inguruan egiteko, desinformazio handia dagoela gai honi buruz jendartean, eta honek aurreiritziak eta ikarak gehitu eta errealitate honen estigmatizaziora garamatzala. Transexualitatea ez dela aukeratzen den zerbait, inork ez du aukeratzen bere bizitza hainbeste korapilatzea. Okerreko sexua esleitu zieten pertsonek benetan direnak izateko beste guztion besteko eskubidea izan beharko luketeela. Hainbat mezu daude zabaltzeko.
Zure kontuan euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez idazten duzu. Jende gehiagorengana heltzeko erabaki duzu hiru hizkuntzatan aritzea?
Bai, zenbat eta jende gehiagorengana heldu, orduan eta lagungarriagoa izango delako erabiltzen ditut hizkuntza desberdinak. Euskara eta ingelesa dira lehenesten ditudanak, baina gaztelaniaz idaztea ere beharrezkoa dela konturatu naiz.
Instagramen batez ere erabiltzaile gehienak gazteak dira. Batez ere eurengan pentsatuta sortu duzu kontua?
Kontatzen dudana batez ere haurtzaroagaz lotura duten pertsonei interesatu ahal zaiela uste dut, guraso edo hezitzaileei. Kontatzeko modua oso pertsonala da emakume bezala, ama bezala. Instagramen hazkuntza edo hezkuntzaren inguruan mugitzen garenak bagaude, gazte eta ez hain gazte.
Azken urteetan sare sozialek indar handia hartu dute eta besteak beste, informazioa zabaltzeko, partekatzeko tresna garrantzitsua bihurtu dira. Uste duzu zuretzat tresna eraginkorra izango dela?
Instagram modu eraginkorrean erabiltzen saiatzen naiz. Badakit nire burua ikusgai jartzen dudala eta aztarna digitala uzten nagoela. Hau gustatzen ez zaidan arren, kostua nire gain hartzen dut nire alaba eta bera moduko ume eta familientzako lagungarria izan daitekeelako. Gai honetan bide asko daukagu oraindik egiteko, eta ekimen txikienek ere gehitu egiten dutenez, nik modu honetan gehitzea erabaki dut.
“Onuragarriena izan da hasieratik gure inguruan jaso dugun babesa eta laguntza, familia osoarena eta hurbileko eta urruneko lagunena”
Zer izan da zuontzat onuragarria?
Prozesu gogor hau aurrera eramaterakoan onuragarriena hasieratik gure inguruan jaso dugun babesa eta laguntza izan da, familia osoarena eta hurbileko eta urruneko lagunena. Lehenengo momentutik beti alboan sentitu eta eduki ditugu. Lekeitioko eskolatik ere babesa eta laguntza daukagu, ikasturtea oraindik hasi orduko konprometitu ziren langile guztiak Transexualitatean formatu eta honi buruzko lanketa ikasgela guztietan aurrera eramatera. Hala egiten ari dira aurtengoa bezain ikasturte zailean. Altzuan hazkuntza taldeko gurasoen animo mezuak, alabaren gelakideen gurasoen babesa … Zortedunak gara, nahiz eta gai honi buruzko informazio falta handia egon gure inguruko pertsonek jarrera guztiz positiboa eta zabala erakutsi dute, eta babesa emanaz batera informatzen joan dira eta informazio hori ingurukoei zabaltzen. Bakarrik ezin izango genuke eta ezin izango dugu aurretik daukagun bidea egin, komunitate guztiaren laguntza beharko dugu, eta pozarren gaude hasieratik hor egon direlako. Zoritxarrez, egoera berdinean dauden ume askok ez dute leku guztietan babesa aurkitzen, justu kontrakoa baizik. Horregaitik dago hainbeste egiteko, horrelako bizipen positiboak zorte kontua izan beharrean normaltasun baten ondorio izan daitezen.
“Naizenen aurkitu ditugu entzutea behar genituen hitzak, ulertzeko behar genituen tresnak eta bizi dugunaz harro egoteko beharrezko baikortasuna eta indarra”
Oro har, aurrerapausoak eman badira ere, transexualitateari buruz gutxi hitz egiten da, eta are gutxiago umeen transexualitateaz. Naizen elkartea lan handia egiten ari da gizarteratzen, materiala eta bestelakoak sortzen. Zuek Naizen elkarteko kide zarete?
Bai, eta Naizeni esker ulertu eta lagundu ahal izan dugu gure alaba. Naizenek urteetan haur eta nerabeen transexualitateari eman dion ikusgarritasunak eta gai honi buruz euskal gizartean egin duen lanketak balio izan digu guri alabaren errealitatea hain goizetik ulertu eta onartzeko. Honela izateak sufrimendu pilo bat arindu digu. Naizenen aurkitu ditugu entzutea behar genituen hitzak, ulertzeko behar genituen tresnak eta bizi dugunaz harro egoteko beharrezko baikortasuna eta indarra. Gure alabaren aniztasuna balio bat delako, ez arazo bat, haur eta nerabe transexualen adorea eta kemena eredugarriak direlako, ez ezkutatzeko zerbait. Naizen elkarteak ahaldundu egin gaitu, eta ez dago ezer hoberik hori baino. Pandemia garaiak harrapatu gaituenez, ezin izan dugu fisikoki elkarretaratzeetan egon, hala ere, elkarteko bozeramaile Bea Severri esker, Naizen elkarteko familia guztien indarra ondoan sentitzen dugu prozesu guzti honetan. Eskerrak eman nahi dizkiet bai Beari eta baita Naizen elkarteari ere.
Zuen esperientziatik eta bizipenetatik zer esango zenieke irakurleei?
Azken ikerketen arabera, mila jaiotzetik batean sexua txarto esleitzen dela badakigu. Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean gazte edo nerabezaroan identifikatutako bederatzi-hamar kasu daude, eta umeen kasuan gure alabarena da kasu bakarrenetarikoa. Deigarria da gure inguruko umeetan horren kasu gutxi detektatuta egotea, estatistikoki gehiago egon beharko bailirateke. Beharrezkoa da gai hau ikustarazi eta lantzea gizartean eta hezkuntza arloan, gero familiek etxean gertatzen dena identifikatu ahal izateko. Transexualitate kasuak umetatik identifikatzeak pertsona eta familiei sufrimendu asko kentzen die.