Lea-Artibaiko artistek Loraldia Festibalean parte hartuko dute
Jaialdiko sorkuntza artistikoen artean egongo dira Haizea Martiartu musikari markina-xemeindarraren, Iñaki Maruri aktore ondarrutarraren, Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarraren eta Jose Pablo Arriaga eskultore markina-xemeindarraren lanak.
Martxoaren 9tik 28ra zazpigarren Loraldia Festibala ospatuko da Bilbon. 20 egunetan, hainbat diziplina artistiko eta produkzio berri estreinatuko ditu jaialdiak Bizkaiko hiriburuko hamahiru gune ezberdinetan. Aurtengo festibalean teatroa, dantza, musika, literatura, zinema, artea eta bertsolaritza presente egongo dira, eta berrikuntza moduan, rol jokoak eta kabareta ere gehitu dituzte. Jaialdiko sorkuntza artistikoen artean egongo dira Lea-Artibaiko sortzaileen lanak. Eskualdeko hainbat artista eta sortzaile aterako dira Loraldia festibaleko agertokietara.
Folketik Jazzera Ensemble diskoa aurkeztuko du Loraldia jaialdiaren barruan Haizea Martiartu markina-xemeindarrak. Euskal kantugintzako hainbat klasiko jazz estilora moldatu ditu saxo jotzaile gazteak bere lehen diskoan, eta lan hori ezagutzera emango du Arriaga Antzokian martxoaren 10ean. Bartzelonatik datozen beste bederatzi musikari gazteen laguntzagaz ariko da Martiartu: Lucia Fumero (pianoa), Sergio del Campo (zeharkako flauta eta piktoloa), Joan Mar Sauque (tronpeta), Julio Marin (klarinete sopranoa eta klarinete baxua), Jofre Alemany (saxo tenorra), Eneko Urrestarazu (tronboia), Carla Gonzalez (kontrabaxua), Pol Ribo (bateria).
19:00etan hasiko da emanaldia, eta ordu eta erdiko kontzertua izango dela aurreratu du musikari markina-xemeindarrak. Egun berezia izango dela azpimarratu du. Loraldian parte hartzen duen eta Arriagan jotzen duen lehen aldia izango da, eta gainera, bere urtebetetze egunean, 30 urte betetzen dituen egunean, gertatuko da hori. “Opari eder bat izan da niretzat”, dio. Bere lehen diskoa aurkeztuko du gainera. “Diskoa harrera ona edukitzen ari da, ez nuen espero horrelako interesa eragingo zuenik”.
Martxoaren 13an, berriz, Konrado Mugerza argazkilariaren irudiak eta gogoetak eta Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren eta Leire Bilbao idazle ondarrutarraren testu literarioak uztartzen dituen Zura eta Ura izeneko ekintza eskainiko dute Itsasmuseumen. Azaldu dutenez, eraldaketak ekarri duen identitate galeraren inguruko gogoeta koral bat da Zura eta Ura. 18:30ean hasiko da ekimena.
Martxoaren 19an estreinatuko dute Loraldian Txak Txak ikuskizuna. Horretan parte hartzen du Iñaki Maruri aktore eta pianista ondarrutarrak. Klakea da ikuskizunaren oinarria, eta AEBtako rhythm tap usadioa Euskal Herrira ekarriko dute txalapartagaz uztartuz. Horrez gain, piano batek soinu banda jarriko dio ikuskizunari. Errepertorioa oso anitza izango da: espatadantza jazz mundura eramanda, afrikar eta asiar erritmoak agertuko dira. 19:00etan izango da ikuskizuna BBK salan.
Martxoaren 21ean, Oihalezko Teilatua eramango dute Euskal Museoko Atriora Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarrak eta Jose Pablo Arriaga eskultore markina-xemeindarrak. COVID-19 gaitzak eragindako etxeratzean sortutako proposamen artistikoak Garazi Etxabururen dantza garaikidea eta Jose Pablo Arriagaren eszenografia artistikoa batzen ditu. Jose Pablo Arriagaren argazkietan oihalen azpiko bizitza islatzen da: mina, hotza, jolasa, poza… konfinamenduan sortutako emozioak, hain zuzen. Garazi Etxaburuk, berriz, dantzaren bidez sentimendu horiek hurreratzen saiatuko da. Bi pase egingo dituzte, gainera, bata 11:30ean, eta bestea, 12:45ean. “Gu pozik gaude Loraldia moduko festibal baten parte hartzeko aukera izateagaz. Beste gauza interesgarri askoren artean geure sorkuntza egongo da”.
Ikuskizuna agertokira egokituko dute. “Sortzen hasi ginenean pentsatu genuen hondartzan, mendian, kalean, antzezleku baten egiteko moduko ikuskizuna izan behar zela, edonon egiteko modukoa. Egitura erdian jarri eta ikusleak lekuaren arabera kokatuko ditugu”.
Lankidetza. Lea-artibaiko artistak elkarlanean ere ariko dira beste artista batzuekin Loraldiaren baitan. Keu Agirretxea musikari ondarrutarra Olatz Salvadorregaz arituko da martxoaren 20an Guggenheim museoan Bozak izenpean eskainiko duten esperientzia musikalean. Kantak eta solasaldiak tartekatzen joango dira Olatz Salvador eta Idoia. Kantariak akustikoan arituko dira eta kantuen artean Maddalen Arzallusek gidatuko du solasaldia.