Merkatu Txikia egingo da Markina-Xemeinen
Markina-Xemeingo bederatzi dendek aterako dituzte euren produktuak kalera. Eguraldiaren arabera Zelaian edo Plazabarripean jarriko dute merkatu txikia.
Hemen be bai elkarteak antolatuta, 2020ko irailaren 5ean egin zen Merkatu Txikia. Argazkia: Hemen be bai elkartea Aurtengo lehen Merkatu Txikia antolatu du Markina-Xemeingo Hemen be bai merkatari elkarteak zapaturako [martxoak 6]. Eguraldiak lagunduz gero, saltokiak Zelaian jarriko dituzte herriko dendariek, euria balego, ostera, Merkatu Txikia Plazabarripean kokatuko dute. Saltokiak 10:00etatik 15:00etara egongo dira zabalik.
Guztira, Markina-Xemeingo bederatzi dendek aterako dituzte euren produktuak kalera. Ondorengoak dira dendak:
- Ixaie Lurrindegia
- Mikel oinetakoak
- Casa Pepa
- Txanbelin ume arropa denda
- Nerea arropa denda
- Alarabi belardenda
- Josune arropa denda
- Eneida estetika
- Iranai jantziak
Merkatarien elkartekoek jakitera eman dutenez, osasun larrialdi egoera dela eta, bezeroen eta dendarien segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko dituzte. Horrela, saltokiak ilaran jarriko dituzte, eta alde batetik sartu eta beste batetik irten beharko da. “Merkatu Txikia Zelaian eginez gero, Tate parean egongo da sarrera eta irteera Toldope parean. Merkatua Plazabarripean jarri behar badugu, Goiko Portaleko iturriaren ingurutik jarriko dugu sarrera eta Bibliotekarantz egongo da irteera”, azaldu dute.
Horrez gain, sarrera zein irteeretan soluzio hidroalkoholikoak egongo direla gaineratu dute, bai eta saltoki bakoitzean ere. Saltoki batetik bestera metro eta erdiko distantzia utziko dute erosleak lasaitasunez eta segurtasunez ibiltzeko.
Azken Merkatu Txikia joan den urteko irailaren 5ean egin zuten, eta oso ondo joan zela azpimarratu dute. “Harrera ona izan zuen merkatuak eta oraingoak ere hala izatea espero dugu”. Erosleak gustura egoteko musika alaiagaz girotuko dute merkatua.