Bost urte igaro dira Kamiñaldeko mendi magala erori zenetik
Gaur bost urte bete dira Kamiñaldeko lur jausiak hondamendi dimentsioa hartu zuela. 179 familia etxebizitzetatik aterarazi behar izan zituzten.

Noizbehinka bere indarraren zorigaiztoko aurpegia erakusten du ama lurrak, eta halaxe gertatu zen duela bost urte Ondarroan. 2016ko otsailaren amaieran, Kamiñaldeko mendi magaletik lehenengo harriak erortzen hasi ziren, baina martxoaren 8an lur jausiak hondamendi dimentsioa hartu zuen. Bat-batean mendia erortzen hasi zen San Ignazio kaleko etxeetara. Egoerak okerrera egin zuen, eta martxoaren 8an eta 11n banatuta, 179 familia euren etxebizitzetatik aterarazi zituzten. Ondarroa zoritxarrak jota geratu zen; eta hurrengo hilabeteak oso gogorrak izan ziren herri guztiarentzat.
Hori guztia, gainera, Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak kargua hartu berri zuen biharamunean gertatu zen; ez zuen hasiera erraza edukik. “Dena alde batera izan zen. Kabinete txiki bat sortu genuen, eta geologoak ere lortu genuen hona etortzea. Martxoaren 8an mendia behera etortzeko arrisku handia zegoela esan ziguten, eta etxeak husteko gomendioa eman ziguten. Hilaren 11n, berriz, aurreko etxeak hustea erabaki zen”.
Etxeak hustea erabaki zaila baina egokia izan zela nabarmendu du Eneritz Basurko Pagoaga alkateordeak; erabakiak hartzerako orduan momentu konplikatuak bizi izan zituztela aitortu du. “Ez genekien mendia bat-batean jausiko bazen ere. Etxerik etxe txirrina jotzen hasi behar izan ginen, auzotarrei etxetik irteteko eskatzeko”.
[Ikusi HEMEN lur jausiari buruzko hemeroteka]
Hurrengo aste eta hilabeteetan kaltetuekin harreman zuzena bermatzea ere “ezinbestekoa” izan zela azpimarratu dute bi udal ordezkariek. Bizilagunei informazio “gertukoena eta fidagarriena” ematen ahalegindu ziren hainbat astez. “Auzo batzarrak sarri-sarri egiten genituen. Genuen informazioa gutxi bazen ere, eurekin partekatzen genuen. Astelehenetan gai sozialak lantzen genituen, eta barikuetan gai teknikoagoak. Euren gabezien berri zuzenean jasotzea ere aberasgarria izan zen”.
Batzar horietan momentu tirabiratsuren bat edo beste egon zela ere esan dute. “Asko hipoteka bat ari ziren ordaintzen, eta etxerik gabe geratzeko arriskua ikusten zuten; horrela sentitzea ulergarria da. Konponbideak epe motzean nahi zituzten, eta horiei irtenbidea ematea ez zen erraza. Dena bideratzen joan ginen, eta gaur egun egindako lana eskertzen digute”.
Arazoari irtenbidea emateko finantzazioa bilatzen ere buruhauste nahikoa eduki zuen udalak
Hondamendiak ez zuen etxebizitzarik suntsitu, baina kaltetuak denbora luzez egon ziren etxebizitzetatik kanpo. 2016ko uztailaren 29an 70 familia euren etxebizitzetara itzuli ziren, eta kalea ere zabaldu zuten. Kaltetutako azken zazpi familiak 2017ko abenduaren 29an itzuli ziren.
Ondarroak azken urteetan bizi izan duen hondamendi natural garestiena ere bihurtu da lur jausia. Halako tamainako hondamendiari aurre egiteko baliabide asko erabili behar izan ziren, batez ere, ekonomikoak. Mendia egonkortzeko 14,88 milioi euro inbertitu ziren, baina arazoari irtenbidea emateko finantzazioa bilatzen ere buruhauste nahikoa eduki zuen udalak. “Ez zen erraza izan. Lanak hasieran larrialdi egoeran egitea aurreikusten zen, baina azkenean, bigarren faseko lanak lehiaketara atera behar izan genituen, eta horrek prozesua asko luzatu zuen”.
Kostu horren ia erdia udalak hartu zuen bere gain, 7 milioi euro jarri zituen. Zama ekonomikoa oraindik ere igarri-igarria da. Udalak jarritako kopurutik 5 milioi euro mailegu bidez eskuratu ziren. “Aurrekontutik urtero 500.000 euro inguru bideratzen dira, maileguaren amortizazio eta interesak ordaintzeko”.
[Ikusi HEMEN lur jausiari buruzko hemeroteka]