Senideak Erorien Haranetik ateratzeko zain daude familiak
Hogei euskal familiak lortu dute euren senideak Erorien Haranetik ateratzeko ziurtagiria; tartean daude Jose Arrieta eta Alesander Aretxabaleta markinarren senideak.
Guztira 33.000 gorpuzki baino gehiago daude Erorien Haranean, eta kalkuluen arabera 1.300 baino gehiago euskal herritarrak dira. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabatik eta beste leku batzuetatik lekualdatu zituzten, 300 bat identifikatu barik eta, gainera, kasu gehienetan, Francoren erregimenak ez zuen haien familien baimenik eduki. Horrela, senideak non zeuden jakin barik edo beste leku batean ehortzita zeudenaren ustetan zeuden familia asko Madrilgo (Espainia) mausoleo frankistara eraman zituztela jakin zutenera arte, eta senideen gorpuzkiak etxera ekartzeko ahaleginean dabiltza ordutik.
Oraingoz, hogei euskal familiak lortu dute euren senideak Erorien Haranetik ateratzeko eskubidea aitortzen duten ziurtagiria, tartean Markinako Jose Arrieta Lejardi eta Alesander Aretxabaleta Goikoetxearen senideak daude. Izapide ugari egin behar izan dituzte, baina ahaleginak merezi duela diote.
Anai bi desagertuta. Etxe askotan gertatu den bezala, 36ko gerraz ez zen hitz egiten Etxebarriko Asun Arrietaren etxean. 2009an elkarrizketa bat egin zioten Ahaztuen Oroimena elkartekoek bere aitari, eta orduan hasi ziren gertatutakoaren berri izaten. Bere aitaren anai bi hil ziren 36ko gerran, Jose eta Esteban Arrieta Lejardi. Aitak kontatu zienez, Jose Teruelen hil zen, beraz, bertan lurperatuta egongo zela uste zuten. Estebanen berririk ez zeukaten, ordea; 36ko gerran hil zela zekiten bakarrik. «Juli lehengusina ere kezka horregaz zegoen, gure osabak non egongo ziren jakin nahirik, eta ahal izango balitz etxera ekartzeko gogoz», kontatu dio HITZAri Asun Arrietak.
Ahaztuen Oroimena elkartearen bidez, osaba Jose Tarragonako Horta de Sant Joan herrian lurperatuta zegoela jakin zuten Asun Arrietak eta familiakoek
2017an Gogora institutuak 36ko gerran desagertutako pertsonekin eta haien senideekin DNA bankua handitzeko deialdia egin zuen, bihar-etzi aurkituz gero konparaketak egiteko aukera edukitzeko, eta zalantzak zituzten arren, Ahaztuen Oroimena elkartekoek hala gomendatuta, proba egitera animatu ziren azkenean. Asun Arrietaren aitaren DNA jaso zuten, egunen batean haren anaiak agertuko balira laginak gordeta edukitzeko. «Bera zen bizirik gelditzen zen anai-arrebetako bakarra. Berehala egin zioten proba, eta gorde zen. Orain konturatzen gara DNA probek daukaten garrantziaz, baina orduan ez genion gure aitari samin gehiagorik eragin nahi», gogoratu du Arrietak.
Handik denbora batera, Ahaztuen Oroimena elkartearen bidez, osaba Jose Tarragonako Horta de Sant Joan herrian lurperatuta zegoela jakin zuten, eta handik Erorien Haranera eraman ahal izan zutela. «Tarragonako kontaktu batek esan zien elkartekoei han lurperatutakoak Madrilera bidali zituztela, eta osaba horien artean tartean egon zitekeela». Hori dela eta, Gogora institutuagaz hartu-emanetan jarri ziren, eta bertan azaldu zieten zeintzuk pauso eman behar zituzten Erorien Haranean zegoela baieztatu eta handik ateratzeko izapideak egiten hasteko.
2019an egin zuten eskaria. «Nortzuk ginen, zeren bila genbiltzan eta genituen datu apurrak bidali genizkien, eta berehala bidali zuten erantzuna; azaroaren 16an egin genuen eskaria, eta 19an erantzuna genuen». Bidali zieten idatzian dionez, zehazki, Tarragonako Horta de Sant Joan herritik 664 gorpuzki sartu ziren mausoleoan, eta horietatik 101 ezezagunak dira. Gorpuzkiak eskumako kriptan daudela ere zehaztu zieten. «Gure osabaren kasuan esaten du identifikatu gabeen artean dagoela, baina badakigu hara eraman zutela. Tarragonako kontaktuak ia ziurtatu egiten zuen gure senidea ere eraman zutela identifikatu gabekoen talde horretan».
Konplikazio bateren bat eduki zuten ziurtagiriak lortzerakoan. «Tarragonan lurperatu zutela esaten zuen hitzez hitzezko ziurtagiri bat eskatzen ziguten, eta Tarragonatik ezin zutela besterik gabe ziurtagiri hori bidali». Markina-Xemeingo erregistroan ibili eta gero, Gernika-Lumoko erregistrora joatea bururatu zitzaion Asun Arrietari, eta bertako langileak egin daitekeela esan zion. «Erregistrotik erregistrora eskakizun bat eginez gero erantzuna eduki behar genuela esan zidan, eta horrela izan zen, erantzun egin zuten, eta ziurtagiria bidali zuten. Horta de Sant Joango erregistroan agertzen da Jose Arrieta Lejardi han lurperatu zutela eta zelan bidali zuten identifikatu gabeen tartean». Dokumentu hori lortuta, dena zeukaten Madrilera bidaltzeko, eta hala egin zuten 2020ko ekainaren 25ean, prozesu horri amaiera emanez.
Markinan. Alesander Aretxabaleta Goikoetxea Markinan lurperatuta zegoela uste zuten haren senideek. Ekarri egin zutela ziur dakite, bere arrebak ikusi zuten eta. Alesander beti izan dute gogoan haren etxean, baina bere heriotzaren inguruko gertakariez ez zuten hitz egiten. 19 urtegaz 36ko gerran hil zela zekiten bakarrik. Samina eragiten duen zer edo zer bazegoela igartzen zuten. «Arantza bat zeukaten sartuta Alesanderren heriotzagaz. Baina ez zuten zabal horretaz berba egiten. Markinara ekarri zutela jakin dugu bakarrik orain arte», dio Betikone Aretxabaleta Alesander Aretxabaletaren lobak.
Gogora institutuak argitaratutako zerrendan agertzen zen Alejandro Aretxabaleta bat zegoela Erorien Haranean
Orain dela urte eta erdi, ordea, ezusteko bat hartu zuten. Markinan lurperatuta zegoela uste zutena Erorien Haranean egon zitekeela jakin zuten. Erorien Haranera eroandako pertsonen zerrenda osatu zuen Gogora institutuak, eta Ahaztuen Oroimena elkarteak horren berri eman zuen albiste batean. Zerrenda horretan agertzen zen Alesander Aretxabaletaren izena ere. Gogora institutuaren zerrenda ere begiratu zuten baieztatzeko. «Zerrendan agertzen zen Alejandro Aretxabaleta bat zegoela Erorien Haranean, eta hil zeneko data eta tokia berberak ziren, eta horrela enteratu ginen».
Gogora institutura eta Espainiako Ondare Historikora deitu zuten, eta bai, han zegoela baieztatu zieten. Hala ere, ez daude ziur bera den. «Hil zen lekutik Erorien Haranera eraman zutela dio, eta guk badakigu Markinara ekarri zutela. Bere arrebek hilda ikusi zuten, eta Xemeinera lurperatzera eramaten ere bai. Noiz atera zuten Xemeindik inork ez daki, ez dago ezer inon jasota».
Erorien Haranean badagoz Markinatik eramandakoak, baina ez daude identifikatuta, bost dira identifikatu gabeak, eta horietako bat euren senidea den edo ez ziurtatu ahal izateko DNA frogak egin dituzte Gogora institutuaren bitartez. «Bizirik dauden hiru anai-arreben DNA jaso dute, eta proba horiek laborategian dituzte gordeta, itxaroten, hobitik atera arte. Dakite zehatz mehatz non dagoen Alesander Aretxabaleta Goikoetxea. Hobi zehatz baten dago zenbaki bategaz».
Bilera. Gabon aurrean bilera bat egin zuten deshobiratzea onartuta daukaten familiek Gogora institutukoekin Bilbon. Paco Etxeberria Aranzadiko antropologoa ere bertan egon zen eta prozesu guztia azaldu zieten. «Esan zigunez deshobiratze lan guztiori oso gaitza edo bideraezina izan daiteke. Ez dakite han barruan gauzak zelan dauden. Lehenengo teknikoak sartu behar ziren ikustera zelan zegoen gero antropologo forentseak sartu ahal izateko».
Oraingoz ikusi ahal izan dutenagatik kutxa batzuk ondo daude, eta beste batzuk guztiz apurtuta eta nahasita, baina gehienak zelan dauden ez dute jakingo forentse taldeak kriptetan sartu arte. Emaitza horien zain daude familiak. Teknikoak urte hasieran sartuko zirela esan zieten, eta horiek baimena emandakoan antropologo forentseak. «Gure senideak etxera ekartzea da gure helburua. DNAren bidez frogatu bera dela eta etxera ekarri. Ez dakigu gero hemen zer, bere anai arrebak bizirik daude oraindik eta eurak erabakitzen dutena egingo dugu. Mausoleo erraldoi hori ez da bere tokia, ez berea ez inorena ere», dio Betikone Aretxabaletak.
«Izan daiteke gurea identifikatu ezin izatea. Baina guk daukagun zera da ailegatu garela ahal dugun lekuraino, gehiago ezin da. Aurkituz gero, senideek laguntza edukiko genuela ere esan ziguten Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Handik ekarri egin behar dira, eta horrek kostu bat dauka, eta beste hainbat izapide egin beharko dira», dio Asun Arrietak.
[ERREPORTAJE OSOA PAPEREKO EDIZIOAN DAGO IRAKURGAI]