Auzolanean ari dira berreskuratzen Lekeitioko Santa Katalina ingurua
Lekitto Bedarreko eta Lagunkoiko kideek parte hartu dute ekintzan. Barikuan [martxoak 12] Santa Katalina ingurua berreskuratzeko azken auzolan saioa egingo dutela esan dute.
Auzolana dute oinarri, eta filosofia horrekin, gauza asko lortzen dituzte. Bada, ildo horretatik, oraingoan Lekitto Bedarra Lekeitioko ortularien elkarteko kideak eta Lagunkoia taldekoak Santa Katalina ingurua atontzen ibili dira. Besteak beste, Argaizto inguruko pergola eta eserlekua lijatu eta margotu dituzte, eta gunea hesitu dute alanbreagaz.
Aurreratu dutenez, barikuan [martxoak 12] Santa Katalina inguruak berreskuratzeko azken ekintza egingo dute Lekitto Bedarrekoek eta Lagunkoia taldekoek, 10:00etatik 12:00etara; udalaren laguntzagaz ari direla gaineratu dute. Zehaztu dute ekintza horretan 10 mahatsondo landatuko dituztela, eta alboko guneko sei eserlekuak ere margotuko dituztela. “Aurretik zegoen mahatsa oso egoera txarrean zegoen, eta mahatsondoak eusteko euskarriak ere kili-kolo zeuden. Horregatik erabaki dugu horien ordez mahatsondo berriak landatzea eta zutabe berriak jartzea”. Esan dutenez, Moskatela ipiniko dute, gorria eta zuria, erdi eta erdi.