Ertzaintzak zortzi pertsona zigortu ditu Ondarroan
Zigortutako herritarrak hilerrian zeuden, 23:00ak aldera, eta esan dutenez, etxeratzeko agindua ez errespetatzeagatik jarri zizkieten zigorrak.
Ertzaintzak jakitera eman duenez, 200 isunetik gora ipini zituzten zapatu gauean [martxoak 6], COVID-19ari aurre egiteko indarren dagoen “osasun araudia ez betetzeagatik”. Ondarroan, esaterako, 23:00ak aldera hilerrian zeuden zortzi pertsona zigortu zituzten. Zehaztu dutenez, “etxeratzeko ordutegia ez betetzeagatik” zigortu zituzten herritarrak.
Bilboko Artxanda mendian hamaika pertsonari jarri zieten isuna zapatu arratsaldean [martxoak 6], “lauko taldeak ez errespetatzeagatik”. Gauean agenteek Bilboko hiru etxebizitzatan esku hartu zuten festan ari zirelako, eta guztira 20 pertsonari jarri zieten isuna.
Gipuzkoan 18 pertsona identifikatu zituzten zapatuan, 22:00etan, Legazpiko tiro eremuan, eta 36 isun proposamen jarri zituzten. Donostiako etxebizitza batean esku hartu zuten, bizikideak ez diren bost pertsona baitzeuden bertan, eta domeka goizaldeko 02:00etan pasealeku batean elkartuta zeuden beste zazpi pertsona ere zigortu zituzten. Ordu horretan Pasaiako pasealeku batean 10 pertsona zigortu zituzten ordutegia ez errespetatzeagatik eta maskara jantzi gabe egoteagatik, eta guztira 30 isun jarri zituzten. Bestalde, Irunen 7 pertsona proposatu zituzten isuna jartzeko, domekako 01:00ak inguruan hotel bateko gela batean festan aritzeagatik.
Araban esku hartzerik aipagarrienak domeka goizaldean egin dituzte Gasteizko hiru gazte lokaletan, eta guztira 27 pertsona identifikatu zituzten eta 132 isun jarri zituzten. Bestalde, Gasteizen 13 pertsona identifikatu zituzten hotel bateko gela batean, eta ertzainek 39 isun jarri zizkieten osasun araudia urratzea egotzita.