Hamairu hilabete ondoren ere, Zaldibarko hondamendia gogoan
Zapatuan bete ziren hamairu hilabete Zaldibarko zabortegia hondoratu zenetik. Zaldibar Argitu plataforma herritarrak deituta elkarretaratzeak egin dira Etxebarrian eta Markina-Xemeinen ere.
Hamairu hilabete bete ziren zapatuan [martxoak 6] Zaldibarko zabortegia erori zenetik, eta ohi modura, Markina-Xemeingo Goiko Portalean eta Etxebarriko Olaia aurrean elkartu ziren herritarrak hondamendia argitzea eskatu eta bertan hil ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen senideei babesa erakusteko.
Durangoko epaitegian irekita dagoen epaiketara herri akusazio modura aurkeztu dira Zaldibar Argitu herri plataforma Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartagaz batera Zaldibarko zabortegian gertatutakoa argitzeko, eta prozesuak aurrera jarraitzen duela azaldu zuten. Horrek sortuko dituen gastuei aurre egiteko Itsulapikoa webgunean zabalik daukaten diru bilketa kanpaina ere aste honetan amaituko dela ekarri zuten gogora; bi egun falta dira amaitzeko hain zuzen ere. Kanpaina martxa onean doan arren, laguntza guztiak ongietorriak izango direla azpimarratu zuten. “Handia da jasotzen ari garen babes ekonomikoa, baina laguntza guztia beharko dugu”. Horrez gain, bonuak ere atera dituztela jakitera eman zuten, “Internetagaz moldatzen ez direnentzako”.
Betiko modura txalo zaparrada beroagaz amaitu zen Markina-Xemeingo elkarretaratzea.