Zelaibarriko aparkalekuan 10 kilowatt orduko potentzia daukaten hartune bi jarri dituzte. Zerbitzua, momentuz, doakoa da.
Ibilgailu elektrikoen errekargarako doako gunea jarri du Markina-Xemeingo Udalak Zelaibarriko aparkalekuan. Leku bi gorde dituzte horretarako, eta berdez daude margotuta zeintzuk diren jakiteko. “Lea-Artibai eskualdeko lehen errekarga puntua da honakoa, eta zerbitzua doakoa da momentuz”, azaldu du udalak.
Zehaztu dutenez, ibilgailua bertan kargatu ahal izateko Iberdrola Birkarga Publikoa aplikazioa jaitsi behar dute erabiltzaileek. “Aplikazio horretan Zelaibarri kalea 1 puntua aukeratu, eta bertan zehazten diren pausoak jarraitu behar dira. Behin erreserba eginda zerbitzua erabiltzen ez bada, penalizazio bat ordaindu beharko da. Erabilerari loturiko arazorik edukiz gero, telefono bat erabilgarri dago une oro: 900 92 92 93”.
Guztira, 10 kilowatt orduko potentzia daukaten hartune bi ditu puntuak. Azaldu dutenez, ibilgailu bakarra kargatzen ipiniz gero, lau ordutan ibilgailua guztiz kargatzeko aukera ematen du. “Dena den, potentzia handitzeko aukera eskaintzen du, etorkizunean eskaria areagotuko balitz. Gogorarazten da errekargarako puntua dela hau, eta ez ibilgailuak aparkatzeko tokia”.
Errekarga-puntua jartzeak 8.558 euroko inbertsioa suposatu dio udalari, hala ere, 3.324 euroko diru laguntza jaso dute Energiaren Euskal Erakundearen eskutik.