Nahia Quincocesek Pierra Menta lasterketa ezaguna lehiatuko du
Mendexarrak Fatima de Diegogaz parte hartuko du distantzia luzeko bikotekako Munduko Txapelketan. Bestalde, Munduko Txapelketaren banakako proban 22. sailkatu da Mendexako mendi eskiatzailea.
Pierra Menta distantzia luzeko bikotekako lasterketa lehiatuko du Nahia Quincocesek, barikuan [martxoak 12], Frantzian. Egungo egoerara egokituta, parte hartzaile gutxiagogaz, eta etapa bakarrean lehiatuko dute aurten.
Lasterketa egin ahal izateak eta parte hartzeak ilusio itzela egiten dio mendexarrari. Fatima de Diego madrildarragaz ariko da. 3.200 metroko desnibela gainditu beharko dute. “Lasterketa oso polita da, eta berezia izaten da. Agian, mundu mailan mendiko eskiko lasterketarik famatuena da. Besteekin alderatuta, oso desberdina da. Lasterketa luzea da, egun bakarrekoa. Berez, lau etapa izan behar ziren, baina COVIDagatik etapa batera pasatu dute. Ohituta gauden lasterketen bikoitza izango da. Normalean, desnibel aldetik 1.500-1.600 m-ko lasterketak egitera gaude ohituta”. Erronka polita dela zehaztu du: “Binaka egiteak ere bere xarma dauka. Horrek ere berezi egiten du lasterketa bera”.
Andorran Munduko Txapelketen hiru proba lehiatuta doa Frantziara. Zapatuko [martxoak 6] banakako lasterketan, mendexarra 22. sailkatu zen (1:43.42 ).
Azken orduan ibilbide aldaketa egin behar izan zuten antolakuntzakoek, eta aurreikusi ez bezala, dena pista ingurutik egin zuten: “Nahiz eta elur larregi ez egon, hasiera batean mendiko ibilibide oso polita eduki zuten prestatuta. Bailara batean sartzen zen, irteera helikopteroz egin behar zena. Egunean bertan behelaino itzela sartu zen, eta eguraldi nahikoa eskasa egin zuen, eta goizean bertan ibilbidea aldatu behar izan zuten”. Aldaketak apur bat kaltetu ziola uste du: “Hasieratik oso indartsu hasi ginen. Beste neskekin neu ere indartsu hasi nintzen, baina gero, momentu batean behera etorri nintzen, ezin eutsita”. Ibilbidearen bigarren bueltan pixka bat hobeto sentitu zen.
Oro har, aurreko astean bizitako esperientziagaz pozik dago: “Andorran egon izanagatik pozik nago, gauden egoeran halako lasterketak egitea ez delako erraza. Agian, ez da nahiko nukeen emaitzarik onena, baina pozik banago. Dena eman nuen. Taldeagaz oso gustura egon naiz Andorran astebetez”.