Jardunaldi Feministak egingo dituzte estreinako Mutrikun
Haztera Goaz izenburupean, Jardunaldi Feministek bederatzi ekitaldi dakartzate martxoaren 18tik 21era. Sarrerak eta gonbidapenak eguenean [martxoak 11] ipiniko dituzte eskuragarri.
Mutrikuko Udaleko feminismo sailak bultzatutako jardunaldiek galdu ezineko bederatzi ekitaldi dakartzate. Lau egunetan banatuta, hiru mahai inguru, bi hitzaldi eta aurkezpen, ikastaro, proiekzio eta antzerki bana programatu dituzte. “Haztera Goazekin bideari ekin nahi zaio, emakumeak elkarrekin hazteko bideari, eraikitzeko, jabetu eta ahalduntzeko. Jardunaldi feminista hauen helburua bide hori irudikatzen hastea da”.
Dudarik gabe, emakumea izango da Hastera Goaz jardunaldietako protagonista nagusia, Mutriku berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen plaza bilakatuz martxoaren 18tik 21era. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, oro har, emakumeei zuzendutako ekitaldiak eskainiko dituzte. “Gizonezkoak bakarrik irekiera eta itxiera ekitaldietara joan daitezke”.
Mutrikuko Institutuko ikasleek HesiGabeHezi ikasgaian jaso dituzten proposamenak aurkeztuko dituzte irekiera ekitaldian
Iragarri dutenez, etorkizuneko erronkei heltzeko asmoa ere badute egitasmoarekin. “Mutrikuko emakumeon jabekuntzarako bidea amesten eta egiten hasi nahi dugu. Jomugan Jabekuntza Eskolaren sortze kolektiboa irudikatzen dugu, eta jardunaldi hauek bide horretan lehendabiziko pausoa dira. Jardunaldi Feminista hauetan, bide hori irudikatzen hasteko gonbitea luzatu nahi dizuegu, hitzaldi, tailer eta ikastaroetan parte hartuz”.
Itzaletik argira: Mutrikuko emakumeen lanaren aitortza eta aldarrikapena proiektuaren aurkezpenarekin emango diete hasiera jardunaldiei. Mutrikuko Institutuko HesiGabeHezi ikasgaiko ikasleek herriko hainbat eta hainbat emakumeren lana, bizipenak eta ekarpenak aitortu eta atzeraezina den kale izendegiaren aldaketarako proposamenak jaso dituzte Itzaletik argira deritzon proiektuan. Proposamen horiek guztiak aurkeztuko dituzte jardunaldien irekiera ekitaldian.
Itxiera ekitaldia izan ezik, gainontzeko ekitaldi guztiak doakoak izango dira
Lehenengo egun horretatik abiatuta, hurrengo egunak ere beste hainbat ekintzaz beteta etorriko dira. Mugimendu feministaren erronkei eta gatazkei buruzko mahai inguruak, neskentzako boxeo ikastaroak eta elikadura kontzienteari buruzko hitzaldiak osatuko dute bigarren eguneko egitaraua. Hirugarren egunari, berriz, feminismo anti-arrazistatik eragiteko mahai inguruarekin emango diote hasiera, eta eguna loditasuna politikoari buruzko hitzaldiarekin eta dokumental baten proiekzioarekin amaituko dute. Azken egunak, aldiz, sexu aniztasunari buruzko mahai ingurua eta jardunaldiei itxiera emateko ekitaldi berezia dakar.
Sarrerak eta gonbidapenak eguenean [martxoak 11] 10:00etatik aurrera ipiniko dituzte eskuragarri; Internetez Mutrikuko Udalaren webgunean eta Mutrikuko Turismo Bulegoan eskuratu ahalko dira. “Itxiera ekitaldia izan ezik, gainontzeko ekitaldi guztiak doakoak izango dira. Erradikalak ginen, gara eta izango gara antzezlana ikusteko sarrerek 5 euroko salneurria edukiko dute”. Azpimarratu dutenez, ekitaldi bakoitzeko gehienez ere bi sarrera edo gonbidapen eskuratu ahal izango dira.
EGITARAUA:
- Martxoak 18, eguena
- 18:00-19:00. Itzaletik argira: Mutrikuko emakumeen lanaren aitortza eta aldarrikapena proiektuaren aurkezpena, Zabiel kultur etxeko areto nagusian; gizon eta emakumeentzako ekitaldia, euskaraz. Parte hartzaileak: Mutrikuko Institutuko HesiGabeHezi ikasgaiko ikasleak.
- Martxoak 19, barikua
- 12:00-13:30. Mugimendu feministaren gatazkak eta erronkak mahai ingurua, Zabiel kultur etxeko areto nagusian; emakumeentzako ekitaldia, euskaraz. Hizlariak: Trixkantza Kolektibo Feminista.
- 17:00-19:00. Boxeo ikastaroa, Miruaitz frontoian; emakumeentzako ekitaldia, euskaraz. Irakaslea: Ixa Rodriguez Saez.
- 17:00-19:00. Elikadura kontzientea: ondo maitatu zeure burua hitzaldia, Zabiel kultur etxeko ganbaran. Emakumeentzako ekitaldia, elebitan. Hizlaria: Loredi Salegi Martinez.
- Martxoak 20, zapatua
-
- 12:00-13:30. Feminismo anti-arrazistatik eragiten, proiektuak ezagutzen mahai ingurua, Zabiel kultur etxeko, areto nagusian; emakumeentzako ekitaldia, elebitan. Hizlariak: Maitelan eta Malen Etxea.
- 17:00-19:00. Casa en tierra ajena dokumentala, Zabiel kultur etxeko areto nagusian; emakumeentzako ekitaldia gazteleraz.
- 17:00-19:00. Loditasuna politikoa da hitzaldia, Zabiel kultur etxeko ganbaran; emakumeentzako ekitaldia, euskaraz. Hizlaria: Irati Garcia Lopez de Aguileta.
- Martxoak 21, domeka
-
- 12:00-13:30. Gorputzak eta sexualitateak: LGTBI + prozesuak komunitatean eta hezkuntzan mahai ingurua, Zabiel kultur etxeko areto nagusian; emakumeentzako ekitaldia, euskaraz. Hizlaria: Nahia Rojo.
- 18:00. Itxiera ekitaldia: Erradikalak ginen, gara eta izango gara antzerkia, Zabiel kultur etxeko ganbaran; emakume eta gizonentzako ekitaldia, euskaraz. Parte hartzaileak: Ane Labaka bertsolaria eta Beatriz Egizabal antzerkilaria.