'Mundu ederra' proposamenarekin dator Mutrikuko Ipuinaren ordua
Izaskun Mujika ipuin kontalariak gidatuko du ekimena. 4-5 urtetik gorakoei dago zuzenduta.
Mutrikuko Ipuinaren ordua egitasmoaren barruan saio berezia antolatu dute eguenerako [martxoak 11]. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, gaiarekin lotutako Mundu ederra saioa eskainiko du Izaskun Mujika ipuin kontalariak. Ekimena 17:00etan hasiko da Zabiel kultur etxeko udal liburutegian, eta antolatzaileek iragarri dutenez, 4-5 urtetik gorakoei dago zuzenduta.
Egungo osasun egoera dela eta, aretoaren edukiera mugatua dago; sarrera gonbidapenarekin izango da nahitaez. Doako gonbidapenak eskuragarri daude Mutrikuko Udalaren webgunean. Antolatzaileek garaiz iristeko eskatu diete bertaratuko direnei; 16:30etik 17:00etara bitartean egongo dira zabalik ateak. “Behin saioa hasita ezingo da sartu, bertan sortzen den giroa ez haustearren”. Haur bakoitzeko guraso edo arduradun bat egotea ere nahitaezkoa dela gaineratu dute.