Auzo-taxi zerbitzua ipiniko dute Amoroton, Gizaburuagan eta Mendexan, modu bateratuan
Hiru udalerrietan ordenantzak onartu dituzte, eta alkateek eta bost taxilariek hitzarmena sinatu dute. Herriguneko zein alboko herrietako "zerbitzu jakinetara" joan-etorriak egiteko erabili ahalko dute, astelehenetik barikura. Abuztuan ez dute zerbitzurik eskainiko.
Amoroton, Gizaburuagan eta Mendexan modu bateratuan auzo-taxi edo landa-taxi zerbitzua ipiniko dute martxan aurten. Helburua da herritarrei beraien etxeen eta herrigunearen arteko joan-etorriak “modu iraunkor, azkar eta merkean” egiteko aukera ematea. Udalerriotako garraio publikoaren sektorea bultzatu nahi dute, eta baita lurralde-oreka eta udalerriotako mugikortasun iraunkorra idartu ere.
Hiru udalerrietako alkateek eta bost taxilariek martitzen iluntzean sinatu zuten hitzarmena, Gizaburuagako Etxetxu Zentroan. Zerbitzua maiatzean edo ekainean martxan jartzea aurreikusi dute.
Zein bere baldintzak. Hiru udaletan zerbitzua arautzeko ordenantzak egin dituzte. Izan ere, udalerri bakoitzak bere ordenantza dauka; ordutegiak eta prezioak berdinak izango badira ere, zerbitzua erabili ahal izateko baldintzetan desberdintasun batzuk daude.
Erabiltzaile izateko ezinbestean udalerriotan erroldatuta egon behar da.
Amoroton, adinez nagusien kasuan, 65 urtetik gorakoek, bakarrik bizi direnek eta mugikortasun urria, elbarritasun edo menpekotasunen bat daukatenek erabili ahalko dute. Adinez txikikoen kasuan, berriz, 14 urtetik beherakoak adinez nagusia den norbaitekin joan beharko dira, eta 14-18 urte bitartekoek gurasoen edo tutoreen baimena eduki beharko dute.
Gizaburuagan 65 urtetik gorako guztientzat da zerbitzua, eta gainontzekoek eskariak egin ahal dituzte, eta udalean kasuan kasu aztertuko dituzte zerbitzua erabiltzeko baimena eman edo ez erabakitzeko.
Mendexan, berriz, puntu sistema bat ezarri dute, eta lehentasunezko erabiltzeak daude zehaztuta: “Ez dakigu zenbat erabiltzaile edukiko ditugun, eta aurrekontuan muga bat daukagu hileko. Printzipioz zehaztutako baldintzak betetzen dituzte herritar denek eskatu dezakete, baina gero ikusten badugu erabiltzaile asko daudela, eta hilabeteroko aurrekontua gainditzen dela, puntu gehien dituzten lehentasunezko erabiltzaile horiek edukiko dute lehentasuna. Zaurgarrienak eta beharrizan handienak dauzkatenak dira horiek”.
Adin nagusiko pertsonak, 14tik 18 urte arteko pertsonak gurasoen edo legezko tutoreen baimenarekin eta 14 urtetik beherakoak pertsona heldu batekin joan ahalko dira: “Ezingo daute erabili auzotaxi zerbitzua, baldintza horiek bete arren auto eta gidabaimenaren jabe diren herritarrek. Baina, Mendexan erroldatuta egonik aldi baterako mugikortasun arazoak dituzten adin nagusiko herritarrek, nahiz eta auto eta gidabaimenaren jabe izan erabili ahalko dute”. Halaber, Gizarte Ongizate Batzordeak erabakiz gero herritar batzuek beharrizan bereziengaitik auzo-taxia erabilteko beharra daukatela horiei ere emango diete zerbitzua.
Ordutegiak eta prezioak berdinak izango badira ere, zerbitzua erabiltzeko baldintzetan desberdintasun batzuk daude
Astelehenetik barikura, 07:30etik 20:00etara eta zapatuetan 09:00etatik 14:00etara erabili ahalko dituzte herritarrek auzo-taxiak. Abuztuan ez dute zerbitzua eskainiko.
Zerbitzua erabili nahi duten bizilagunek aurretiaz auzo-taxi txartela eskuratu behar dute. Eskaera-orriak bete eta udal bulegoetan aurkeztu beharko dituzte txartela jasotzeko.
Erreserbak telefonoz. Zerbitzua ondo antolatzeko, erabiltzaileek aurretiaz adostu beharko dituzte bidaiak taxilariekin, aurreko eguneko 20:00ak baino lehen, hain zuzen. Hiru udalerriotan telefono zenbaki bera edukiko dute erreserba horiek egiteko.
Erabiltzaile baikoitzak egunean gehienez bi bidaia egin ahalko ditu. Joan-etorriak bi bidaia moduan hartuko dira kontuan. Herritarrek auzo-taxiaren erabilera baimentzen duen txartela erakutsi beharko diote taxilariari. Bidaia bakoitzeko 2 euroko prezioa ezarri dute (taxilariei ordaindu beharko zaie).
Hiruretan herrigunera joan-etorriak egiteko, bertan dauden oinarrizko zerbitzuak erabiltzeko (udaletxea, medikua, eskola Amorotoren kasuan…) eta garraio publikoarekin konektatzeko erabili ahalko dute auzo taxi zerbitzua.
Horrez gain, beharrizan zehatzetarako alboko herrietara joan-etorriak egiteko ere izango da. Amorotokoek zerbitzua erabili ahal izango dute Lekeitioko bus-geltokira joateko, han Amoroton eskaintzen ez diren oinarrizko zerbitzuak erabiltzeko (botika, posta, bankuak,..) edota bertatik garraio publikoarekin konektatzeko. Baita ere Mendexako mediku kontsultara joateko medikua Amoroton ez dagoenean.
Mendexarrek Lekeitiora joateko erabili ahalko dute zerbitzu asko bertan dauzkatelako eta Amorotora mediku kontsultara joateko ere bai.
Gizaburuagakoentzat Lekeitiora eta Aulestira medikuarengana joan-etorriak egiteko ere izango da.
Herri Lagunkoiak. Hirugarren adinekoen elkarteetatik, eta Herri Lagunkoiak ekimenaren barruan sortutako proposamen batetik dator zerbitzu hau ezartzearen zergatia.
Lea Ibarreko bost udalerriek alkarregaz egin zuten Herri Lagunkoia proiektuaren diagnostikoa eta Ekintza Plana. Eta nabarmendu zuten “premia handietako” bat izan zen “garraioaren eskasia”, eta batik bat baserrietan bizi diren pertsona nagusien kasuan batzuetan sortzen diren garraio arazoak.
Kezka hori ikusita, landa-taxiaren figura aztertzea proposatu zuten, eta Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoko Gizarte Ongizate batzordetik heldu zioten gaiari. Aukera desberdinak aztertu zituzten, beste herri batzuetan ere halako zerbitzuak badaudelako.