Euskal Herriko Itzuliaren 5. eta 6. etapek Zaldupen edukiko dute helmuga eta irteera
Aurrerak eta udalak egindako proposamena onartu du lasterketaren antolakuntzak. Hala, 6. etaparen lehen metroak herri barrutik igaroko dira.
Euskal Herriko Itzuliaren 5. eta 6. etapek Ondarroan edukiko dute helmuga eta irteera, apirilaren 9an eta 10ean, hurrenez hurren. Etapa biak Zaldupeko futbol zelaiaren aurrean amaitu eta hasiko direla zehaztu dute udal iturriek. Aurrera Kirol Elkartearen 100. urteurrenaren harira dator Itzulia Ondarroara, eta arrazoi horregatik erabaki dute etapak futbol zelaiaren aurrean amaitzea eta hastea.
Aurreko astean Ondarroako puntu garrantzitsuenak aztertzen egon ziren lasterketako antolakuntzako kideak, Aurrera Kirol Elkarteko ordezkariak eta Ondarroako alkatea, alkateordea eta udaltzainburua, eta lasterketako puntu garrantzitsuena Zaldupen kokatuko egongo dela iragarri dute. “Bertan egongo dira kokatuta helmuga eta irteera. Horiez gain, prentsa aretoa, sinaduren kontrola, bulegoak, aparkalekuak… ere berton egongo dira kokatuta”.
5. eta 6. etapei buruzko beste hainbat xehetasun ere eman dituzte. 5. etapa, esaterako, Ondarroan amaitzeaz gain, etaparen igarobidea ere izango da. “Etaparen erdian, Gipuzkoako kostaldea zeharkatu ostean, Mutrikutik ailegatuko da Itzulia Ondarroara. Antzosoloko biribilgunean beherantz egingo dute, porturantz, gero Artabide igo eta Lekeitiorantz joateko”. Etaparen azken metroei dagokienez, Txorierrekatik sartuko dira txirrindulariak, eta errepide nagusitik zuzenean joango dira Zaldupeko helmugara.
Aurrerak eta udalak egindako proposamena onartu du lasterketaren antolakuntzak; 6. etaparen lehen metroak herri barrutik igarotzea adostu dute. Txirrindulariak 14:30ean aterako dira Zaldupetik, zubia gurutzatu, eta San Ignazio kaletik barrena joanda, Erribera, Nasa kalea eta Kantoipe gurutzatuko dituzte. Handik portuko biribilgunerantz abiatuko dira eta Mutrikurantz jarraituko dute. “Irteera neutralizatua izango da; neutralizazioa Saturrrango gasolidengi parean amaituko da”.