Helmugak proiektuak Aspanovasen aldeko abenturak burutuko ditu aurten
Ander Txakartegi Helmugak proiektuaren sustatzaileak erronka txikiak gauzatuko ditu aurten. Eta iaz modura, aurten ere Aspanovasi lagunduko dio. Ekarpenak egiteko aukera zabalik dago, abendura arte.
Aurtengo urtea abenturaz betetako urtea izango da Helmugak proiektuko kideentzako. Izan ere, orain arte egin modura, aurten ere kirola, natura, euskara eta pertsona uztartuko dituen proiektua gauzatuko du Ander Txakartegi Helmugak proiektuaren sortzaile eta sustatzaile berriatuarrak. Oraindik orain osasun larrialdia puri-purian dagoenez, eta nahiz eta mundu mailako beste lasterketa ospetsu batzuetan parte hartzeko izena emanda dagoen, egoerara egokitutako proiektua prestatu du abenturazale berriatuarrak.
«Ez dakigunez osasun egoeraren bilakaera nolakoa izango den eta zer egin ahalko dugun edo zer ez, jaialdi bat edo ekintza handi konkretu bat egin beharrean abentura txiki ezberdinak egitea pentsatu dugu. Helmugakek uztartzen dituen lau baloreen artean, pertsonaren baloreari beste buelta bat eman diogu», azaldu du Txakartegik.
ERRONKAK:
- Lehenengo abentura Hiru Erregeen Mahairaino heltzen da: Berriatuan irten, Linzako (Huesca, Espainia) babeslekuraino bizikletan joan, Hiru Erregeen Mahaia oinez igo, jaitsi eta berriro Berriatuara bizikletan itzuli. «Ekintza horren hasieran eta amaieran ez dut inolako jairik antolatuko. Jendeak bai esan dit parte hartuko duela, baina ez da aparteko jairik egingo». Irteera hori abentura legez planteatzen du Txakartegik. «Ez da gelditu barik egin beharreko proba bat izango. Abentura bat da. Adibidez, itzuleran Sakanan edo geratu nahi dugula? Ba geratu egingo gara eta bertan lo egingo dugu. Hori bai, kalean egingo genuke lo, biziraupeneko erronka txikiak izango dira eta».
- Beste abentura bat Baionaraino heltzea izango da: Berriatuatik irten eta bizikletaz ahalik eta bide zuzenetik Baionara joan, Baionatik Muskizera kostaldeko bidetik egin eta Musikizetik berriro Berriatuara. «Gutxi gorabehera 560 kilometro inguruko bidea izango litzateke, eta hori ere abentura estiloan egitea pentsatu dut».
- Hirugarren eta azken abentura Euskal Herriko Super Randonnee egitea litzateke: 600 kilometroko eta 11.000 desnibeleko goi-mendietako ibilbidea. «Ibilbide hori Zarautzen hasi eta amaitzen da. Bakoitzak nahi duenean egin ahal du, baina gehienez ere 60 ordutan egin behar da. Hori zehazten du Randonneur modalitateak. Lo nahi duzun lekuan egin dezakezu, baina gehienez ere 60 ordutan egin behar da proba».
Azpimarratu du ez dituela erronka horiek egitearren egin nahi. «Nik nahi dudana da lagunarteko abentura politak izatea. Ez kirol erronka hutsak».
Abentura horiek guztiak lagunartean egiteko asmoa daukala dio Txakartegik. «Nahi duenak egin ahal du. Eguraldi ona datorrela? Ba gure artean hitz egingo dugu eta erabakiko dugu aste horretan egitea. Batzuk ez dute abentura osoa egingo. Adibidez, Baionaraino heltzeko abenturan, batzuk erabaki ahal dute kostaldeko bidearen zatia egitea, edo Muskizetik Berriatuara artekoa. Bakoitzak nahi duena egingo du. Dena dago zabalik, eta zenbat eta jende gehiagok parte hartu, ni are eta pozago».
Azpimarratu du ez dituela erronka horiek egitearren egin nahi. «Nik nahi dudana da lagunarteko abentura politak izatea. Ez kirol erronka hutsak».
Agertxopirata proiektu solidarioarekin hasi zen Txakartegi Aspanovasi laguntzen, eta esan du oraindik ere elkarteari laguntzeko beharra sentitzen duela
Abentura horien datak zehaztu barik dituela dio. «Egoera dela eta, ez ditugu zehaztu. Baina seguruenik uda sasoian egingo ditugu, uztaila, abuztua eta iraila bitartean».
Ekarpenak egiteko aukera. Eta zelan ez, ekintza horien guztien atzetik helburu solidarioa ere egongo da, orain arte egin modura. «Aurten ere Aspanovasi laguntzeko Internet bidezko diru bilketa egingo dugu, baina urte osoan». Hala, ekarpenak egiteko aukera dagoeneko zabalik dagoela esan du, abenduaren 25era bitartean. «Nik parte hartzen dudan lasterketa eta abentura bakoitzean diru bilketa horri bultzada ematen saiatuko naiz, baina ekarpenak egiteko aukera urte osoan dago zabalik». Ekarpenak egiteko Kukumikuren webgunean sartu behar da, Eupadak by Helmugak izena daukan proiektuan.
Iaz #Agertxopirata proiektu solidarioarekin hasi zen Txakartegi Aspanovasi laguntzen, eta esan du oraindik ere elkarteari laguntzeko beharra sentitzen duela. «Iazko esperientzia oso ona izan zen, eta ikusita Aspanovasek zer nolako lana egiten duen, haiei eskerrak emateko beharra sentitzen dut oraindik».