Ondarroan lehiatuko dute Bizkaiko Batel Ligaren 3. jardunaldia
Gipuzkoako Batel Liga asteburu honetan hasiko dute. Lehen jardunaldian, Mutrikutik bi talde ariko dira lehian: gazte mailako nesken taldea eta senior mailako mutilena.
Bizkaiko Batel Liga aurreko asteburuan hasi zuten, eta bi jardunaldi lehiatu zituzten, Sestaon. Zapatuan [martxoak 13], ostera, Ondarroan ariko dira, 15:30ean hasita.
Ondarroa Arraun Elkartearen ordezkariek, zapatuan erreka hegalean ez pilatzeko deia egin du, “zalerik gabeko ekitaldiak” direlako: “Hau betetzen ez badugu, gure harrobiko neska-mutilek eta beste elkarteetako partaideek estropada gehiago ez jokatzeko arriskua eduki lezakete. Orduan, mesedez, denon kolaborazioa eskatzen dugu. Elkartetik ahal dugun guztia egiten ari gara gure umeek erramutan entrenatzeko eta lehiatzeko, eta horregatik erabaki dugu herrian estropada hau antolatzea”. Estropada bertatik bertara ikusi ezingo denez, herria gorriz janzteko deia luzatu dute, beste behin. Harrobiko arraunlariak animatzeko, balkoietan arraun elkartearen banderolak ipintzeko eta arraun elkarteko arropak bat janzteko eskatu dute.
Domekan ez da batel jardunaldirik egongo, aulki mugikorren txanda izango delako Bilbon.
Aurreko asteburuan Isuntzako 11 batel aritu ziren lehian: bost kadeteetan (lau mutilen taldeak eta bat neskena), bi gazteetan (nesken eta mutilen talde bana) eta lau absolutu mailan (nesken eta mutilen bina). Ondarroatik, ostsera, zazpi talde aritu ziren: bost kadeteetan ( nesken hiru talde eta mutilen bi) eta bi gazte mailan (nesken eta mutilen bana).
Gipuzkoan, berriz, igandean [martxoak 14] hasiko dute batel liga, Legution, 10:00etan. Hain zuzen, Getarian lehiatzekoak ziren, baina itsasoko iragarpenengatik lekualdaketa egitea erabaki du Gipuzkoako Arraun Federazioak. Mutrikutik bi talde ariko dira lehian: gazte mailako nesken taldea eta senior mailako mutilena.
Txapelketak. Bizkaiko eta Gipuzkoako taldeek martxoaren asteburu guztietan lehiatuko dituzte estropadak, eta aurreikuspenen arabera, apirilaren 10ean eta 11an izango dira Bizkaiko eta Gipuzkoako batel txapeleten sailkapen kanporaketak eta finalak.
Apirilaren 17an Euskadiko Batel Txapelketaren kanporaketak lehiatuko dituzte eta apirilaren 18an finalak.