Urtebete pandemia Lea-Artibai eta Mutrikura ailegatu zela
Orain dela urtebete ailegatu zen mundua hankaz gora jarriko zuen COVID-19 gaitza Lea-Artibai eta Mutrikura. Haren eragina epe laburrean kontrolpean egongo zela uste zen arren, oraindik ez du etenik. Urtebetean, lehen arrotzak ziren hitzak eguneroko bilakatudira: pandemia, etxealdia, maskara, segurtasun tartea...
Urtebete bete da COVID-19 pandemia guztion bizitza aldatzera etorri zenetik. Lehen kasuak Txinan agertu ziren, eta, begiradak Asiako lurraldean finkatuta zeuden bitartean, pandemia kasuz kasu zabaltzen joan zen munduan zehar, neurri barik. Osasunaren Mundu Erakundeak koronabirus berria pandemia bat zela adierazi zuen, eta COVID-19 izena jarri zioten.
Otsailaren 26an oraindik ez zegoen kasu bat ere egiaztatuta Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, baina hurrengo egun eta asteetan bikoizten hasi ziren gaixoak. Martxoaren 4an hil zen COVID-19agaz kutsatutako lehenengo gaixoa, 82 urteko gizona, eta martxoaren 10ean jada 197 koronabirus kasu erregistratu ziren hiru lurraldeetan, horietatik 72 ospitaleratuta zeuden eta hildakoen kopurua 6 lagunekoa zen. Egunez egun joerak okerrerantz jarraitzen zuen, kutsatuen eta hildakoen zifrak gorantz jarraitzen zuten kontrolik barik. Antzerako egoera bizi zuten Espainiako estatuko lurraldeetan ere. Hala, martxoaren 14an, pandemiaren zabalkundeari eutsi nahirik, alarma egoera ezarri zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak.
Ordutik, pandemia urte bat bizi izan da, hildakoen kopuru handia, alarma egoerak, etxeratzea, konfinamendu asteak, ZIUak gainezka, murrizketak, ekonomiaren gainbehera, aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteak, enplegua galdu dutenak edo lehen lerroan lan egin duten pertsonen bizipen gogorrak eta errealitate gordinak ikusi ahal izan dira.
Azken datuen arabera, 2,6 milioi pertsona baino gehiago hil dira koronabirus berriaren ondorioz munduan (118 milioi kasu erregistratu), AEBtan gehien (529.000 hildako eta 29,2 milioi kasu). Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 3.817 izan dira hildakoak eta 154.224 kasu erregistratu. Osasun publikoko larrialdi global hori erronka handia izan da osasun agintarientzat eta gizarte osoarentzat.
Egoerak hoberantz eta okerrerantz egin du, deseskalatzeak egin dira eta olatu berriak ailegatu; oraingoa hirugarren kutsatze bolada izango litzateke. Espiral dramatikoa da, baina badirudi amaiera ikusten zaiola txertoekin.
KRONOLOGIA:
- 2020
- Martxoak 12. Eusko Jaurlaritzak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ikastetxe guztietan irakaskuntza jarduna eteteko agindu zuen. Ekintza gehienak bertan behera geratu ziren. Udalek eraikin publikoak itxi eta ekintzak bertan behera utzi zituzten. Kirol jarduera guztiak ere etenda geratu ziren.
- Martxoak 14. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alarma egoera ezarri eta beregain hartu zituen Espainiako estatuko lurraldeetako eskuduntzak, segurtasuna barne. Pertsonen zirkulazioa mugatuta geratu zen.
- Martxoak 18. Jaurlaritzak jakinarazi zuen ikastetxeek itxita jarraituko zutela gertaeren bilakaeragatik; koronabirus kasuak «inoiz baino gehiago» igo ziren.
- Martxoak 28. Funtsezko jardueretakoak ez ziren langileak apirilaren 9ra arte etxean geratzeko agindu zuen Espainiako Gobernuak. Erabateko konfinamendua agindu zuen, eta jardun ekonomikoa gelditzea. Sindikatuek begi onez ikusi zuten erabakia. Confebaskek «arduragabetzat» jo zuen neurria.
- Apirilak 4. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak apirilaren 26ra arte luzatu zuen konfinamendua, eta alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatzea proposatu zuen.
- Apirilak 26. 14 urtetik beherakoen konfinamendua «partzialki arintzea» onartu zuten; hasiera batean umeek nagusi bati lagunduz erosketak egitera bakarrik irteteko aukera izango zutela esan bazuten ere, azkenean, guraso eta eragile askoren protestei erantzunda, egunean ordubetez kalera irteteko aukera eman zien Sanchezek. Egunean ordubeteko paseoak egitea baimendu zuen, etxebizizitzatik kilometro bateko eremuan.
- Maiatzak 2. COVID-19aren datuek hoberanzko joerari eutsizioten, eta 14 urtez gorakoek kirol jarduerak egiteko edo paseatzera irteteko aukera eduki zuten hiru ordutegitan bereizita.
- Maiatzak 4. Deskonfinamendua hasi zen. Gizarte, kirol eta aisialdi jarduerei berrekiten hasi zen Bizi-Berri Planari jarraituta.
- Maiatzak 11. Maiatzaren 24ra arte deseskalatzeko 1. fasea ezarri zuen Pedro Sanchezek, eta Jaurlaritzak neurri murriztaileagoak ezarri zituen. Tabernek terrazetan zerbitzatzeko baimena lortu zuten, beti ere aforo mugatuagaz eta segurtasun tarteak errespetatuta.
- Maiatzak 25. 2. fasean sartu ziren Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa, «normaltasun berrirako» bidean. Taberna barruan egoteko baimena eman zuten –%50eko aforoa–, eta 400 metrotik gorako saltoki komertzialen jarduna berreskuratu zen. Ikasgeletara itzultzeko aukera izan zuten DBH4ko, Batxilergoko 1 eta 2. mailako eta Lanbide Heziketako ikasleek. Eusko Jaurlaritzak zentroen esku utzi zuen itzulera. Mugikortasunerako ordu tarteak kendu zituzten.
- Maiatzak 27. COVID-19 pandemiarengatik hildakoak eta haien senitartekoak gogoratzeko minutu bateko isilunea gorde zuten udalerriz udalerri.
- Ekainak 8. Ekainaren 8tik 19ra, 3. faseko neurriak egon ziren indarrean. Mugikortasuna mugagabea izan zen lurralde historikoen artean.
- Ekainak 15. Segurtasun neurri orokor eta zehatzekin hasi zen Bizkaiko hondartza denboraldia (Gipuzkoakoa uztailaren 1ean hasi zen). 11:00etatik 20:00etara, gehienez hiru ordu egotea, segurtasun distantzia hareatzan zein uretan mantentzea eta kirolik ez egitea eskatu zieten erabiltzaileei, jende pilaketak saihestea helburu. Hiru okupazio maila bereizi zituzten: berdea, anbar kolorea eta gorria. Udaleku eta umeentzako jolasparkeak ere ireki zituzten.
- Ekainak 19. Bizkai, Araba eta Gipuzkoa «normaltasun berria» deitutakoan sartu ziren. Lehendakariak alarma egoera amaitutzat ematen zuen dekretua sinatu zuen eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutuak arautzen dituen eskumenak berreskuratu zituen, eta indargabetuta geratu ziren salbuespen egoeran hartutako neurriak. «Normaltasun berriko» lehenengo neurria Bizkaia eta Kantabriaren arteko muga zabaltzea izan zen.
- Uztailak 16. Bizkai, Araba eta Gipuzkoan espazio publikoetan ere maskara soinean erabiltzea derrigorrezkoa bihurtu zen.
- Abuztuak 18. COVID-19aren hedapena geldiarazteko neurri berriak hartu zituen Jaurlaritzak. Bide publikoan eta ostalaritza eta gastronomia eta aisialdiko establezimenduetan (tabernetan, jatetxeetan eta txokoetan) taldeak gehienez ere 10 lagunera mugatu zituen. 01:00etan ixteko ordutegia ezarri zuen, eta diskotekak eta pubak itxi zituen.
- Irailak 7. Sei hilabete hutsik egon eta gero, ikaslez betetzen hasi ziren ikasgelak.
- Irailak 15. Grebara joateko deiaegin zuten ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT hezkuntzakosindikatuek, «hezkuntzan au-rrez aurreko itzulera segurueta adostua exijitzeko». Osasun langileek 15 minutuko geldialdiak egin zituzten, «lanez gainezka» zeudela esateko eta baliabideak eskatzeko.
- Urriak 25. Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuen COVID-19aren bigarren olatuari aurre egiteko, eta Eusko Jaurlaritzako Labi babes zibileko planaren aholku batzordeak neurri murriztaile gehiago iragarri zituen Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabarako. Lurraldeak ezeze, udalerriak ere itxi egin zituzten, lan, osasun arrazoi edo larrialdiak salbu. Herri mugakideetara joateko aukera eman zuten jarduera sozioekonomikoetarako. Espazio publiko eta pribatuetan egoteko 6 laguneko muga ezarri zuten. Etxeratze agindua ezarri zen 23:00etatik 06:00etara.
- Urriak 29. Alarma egoera 2021eko maiatzera arte luzatzeko Pedro Sanchezek egindako proposamena onartu zuen Espainiako Kongresuak, bi hilabetero azalpenak emateko konpromisoagaz.
- Azaroak 6. Gabonetara ahalik eta baldintza onenetan iristeko eta etxeko itxialdia saihesteko, azaro osorako neurriak hartu zituen Jaurlaritzak. Ostalaritzako lokal guztiak ixteko agindua eman zuen eta etxeratze agindua ordubete aurreratu zuen, 22:00etatik 06:00etara. Kultur jardueretarako %35eko aforoa ezarri zuten, eta emanaldiak 21:00etarako amaitzea agindu.
- Abenduak 2. Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako osasun agintariek Gabonetako plan bateratu bat onartu zuten. Familia topaketetei begira abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra erkidego batetik bestera joateko bidaiak baimendu zituzten; Urte Zahar gauean eta Gabon gauean etxeratzeko ordua 01:30ak arte luzatzea onartu zuten; familia topaketetan hamar pertsona baino gehiago ez elkartzeko irizpidea eman zuten. Bertan behera geratu ziren Olentzerori ongietorria emateko ekitaldiak eta Erregeen desfileak.
- Abenduak 12. 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500etik behera zuten herrietako ostalaritza establezimenduak zabaldu ahal izan zituzten. Udal konfinamendua kendu zuten eta lurralde historikoaren barruan mantendu. Kirol federatuko entrenamenduak baimendu zituzten 6 pertsonako taldeetan.
- Abenduak 22. Jaurlaritzak ordubete aurreratu zuen Gabon eta Urtezahar gauetan etxeratzeko agindua. Gabon gauean eta Urtezahar gauean, ezin izan zen 00:30ak baino beranduago zirkulatu. Konfinamendu perimetralik ez zen egon abenduaren 23-26 artean eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era. Urtezahar gauean, gehienez sei pertsona elkartu ahal izan ziren, eta Gabon gauean, hamar. Abenduaren 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1, 5 eta 6an, dendak eta ostatuak 18:00etan itxi zituzten. Salbuespena izan ziren botikak.
Abenduak 30. Jaurlaritzak COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina hasi zuen.
- 2021
- Urtarrilak 11. 100.000 biztanleko 500dik gorako tasa zuten udalerrietan udal konfinamendua aplikatu zen eta taldeko kirola eten. Beste guztietan, eskola kirolari berrekin zitzaion entrenamenduan, aldaketarik gabeko seiko taldeetan eta aldagelarik erabili barik.
- Urtarrilak 22. Herri guztiak ixtea eta bilerak lau lagunetara mugatzea erabaki zuen Labik.
- Urtarrilak 26. Galdakao-Usansolo, Basurtu eta Txagorritxu ospitaleetako zenbait ebakuntza bertan behera laga behar izan zituzten. Erresuma Batuko koronabirus aldaera berriaren kasuak gehitu egin ziren.
- Urtarrilak 28. Dimititu egin zuten Debabarrenako ESIko zuzendaritzako bi kidek, txertoen auziaren harira.
- Otsailak 9. Gune gorrian zeuden herrietako ostalaritza establezimenduak zabaldu ahal izan zituzten, auzitegiaren aginduz. Hala erabaki zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, ostalarien elkarteek jarritako helegite baten ondorioz.
- Otsailak 12. Herrien itxiera perimetrala beste 20 egunez mantendu eta mugakide diren herrien arteko mugikortasuna baimendu zituen Labik aire zabaleko gizarte, ekonomia eta kirol jarduerak egiteko.
- Otsailak 24. Adineko pertsonen txertaketa hasi zen. 100 urte edo hortik gora duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei txertoa jartzen hasi ziren.
- Martxoak 1. 90 urtetik gorakoen txertaketa hasi zen Gipuzkoan, desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroetako eta etxebizitzetako erabiltzaileei txertoa jartzen hasi ziren, baita horiek artatzen dituzten 55 urtetik gorako langileei ere.
- Martxoak 2. EBk iragarri zuen martxoaren 17rako izan nahi zuela prest bidaiatzeko ziurtagiriaren proposamena. Baimen Berde Digital izenez bataiatu zuten ziurtagiria.
- Martxoak 4. Aste Santuan erkidegoen itxiera perimetralari eta etxeratze aginduari eustea proposatu zuten, eta etxeratze aginduari eustea 22:00etatik 06:00etara bitartean.
- Martxoak 5. Labiren aholku batzordeak luzatu egin zituen prebentzio neurriak Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban, harik eta egoera epidemiologikoa gehiago egonkortu arte. 117ra gehitu zituzten txertaketa guneak: Araban 10, Bizkaian 76 eta Gipuzkoan 31.
- Martxoak 9. Udal mailako itxiera kendu zuten. Beste zenbait neurriri eutsi zieten: gaueko mugigarritasuna (22:00-06:00), merkataritza eta kultura jarduerak bertan behera uzteko gehieneko ordutegia (21:00etan), gehienezko edukierak edo gehienez launaka batzeko muga.