Menke-Hennekam sindromea daukan aulestiarrari laguntzeko ekintza egingo dute Ispasterren
Ingurumena zaintzea eta elkartasuna batzen dituen erronka proposatu die udalak herritarrei. Martxoaren 27an gutxienez 300 kilo zabor batzeko erronka ipini dute, eta Ispasterko Udalak 500 euroko dohaintza egingo du Menke-Hennekam sindromearen ikerketarako.
Ingurumena zaintzearen aldeko keinua eginez, elkartasun ekintza egingo dute martxoaren 27an [zapatua], Ispasterren. Hain zuzen, udalak herritarrentzako erronka prestatu du, ahalik eta zabor gehien batzea, eta helburua da Menke-Hennekam sindromea daukan ume aulestiarrari laguntzea. Zehatz esateko, gaixotasunaren ikerketara 500 euro bideratuko ditu udalak.
Umeek, gazteek zein nagusiek parte hartu ahalko dute, eta 14 urtetik beherakoak nagusi batekin joan beharko dira. Goizean zehar lauko taldeetan ariko dira zaborra biltzen, eta antolatzaileek esango diete taldeei bakoitzak ze txokotan, eremutan batu behar dituen hondakinak. Gutxienez, 300 kg zabor batzea dute asmo. Osasun egoera dela eta, taldeak ordutegi desberdinetan irtengo direla iragarri dute.
Ekintzan parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da, eta martxoaren 24a [eguaztena] da horretarako azkenengo eguna. Udalaren webgunean edo telefonoz deituta (94-684 29 99) izena eman daiteke. Bilketa lauko taldeetan egingo dutenez, izena ematerakoan pertsona batek emango ditu lau taldekieen izenak: “Izena emandakoekin harremanetan jarriko gara argibideak emateko. Lau baino gutxiago izanez gero, guk egingo ditugu taldeak”, zehaztu dute.
Zaborra batzeko plastikoak, eskularruak eta bestelako materialak udalak ipiniko ditu, baina, partaide bakoitzak bere musukoa eroan beharko du, “nagusiek zein txikiek”. Gogoratu dute ekimenak irauten duen denboran osasun neurri guztiak betetzea norberaren erantzukizuna izango dela.
Familia zein lagun artean parte hartzeko deia luzatu dute: “Ingurua garbituz zerbait ona egingo dugu. Herri moduan ingurumena zaintzea garrantzitsua da, baina kasu honetan ez da hori bakarrik, izan ere, horretaz gain, gaixotasuna ezagutara eman nahi dugu. Ez da ezaguna eta gure partetik ezagutarazten lagundu nahi dugu”.