Aste Santu honetan ere ez da prozesiorik egongo
Lekeitioko Jasokundeko Andre Mariaren parrokiako elizkizunak eskainiko ditu Euskal Telebistak Aste Santu honetan.
Koronabirusak eragindako egoera dela eta, ez dira aurten Aste Santuko prozesioak egingo. Hala ere, elizako ospakizunak mantendu egingo dira, eta telebistatik ere jarraitu ahalko dituzte herritarrek.
Jose Agustin Maiz Lekeitioko parrokoak jakitera eman duenez, elizbarruti guztian prozesiorik ez egitea erabaki dute. “Prozesioan elkarregaz joaten gara, eta egoera honi aurre egin eta elkar babesteko aurten prozesiorik ez egitea erabaki da”.
Elizkizunei dagokionez, Lekeitioko elizaren edukiera 150 lagunei mugatuta dagoela gogoratu du. Gainera, elizara hurreratzeko aukerarik ez daukatenek telebistatik jarraitu ahalko dituzte elizkizunak. Izan ere, Lekeitioko Jasokundeko Andre Mariaren parrokiatik zuzenean eskainiko ditu Euskal Telebistak Aste Santu honetako elizkizunak. “Gure parrokiatik emango dira Erramu domekako elizkizuna, Eguen eta Bariku Santukoak, eta Pazko domekako meza”.
Lekeitioko parrokoak azaldu duenez, emanaldiak direla eta, Erramu domekako meza zapatuan [martxoak 27] 19:00etan izango da, eta EITBk 11:30ean emango du domekan [martxoak 28] bezperan grabatutakoa. Beste elizkizun guztiak, ordea, zuzenean emango dituzte. Hala nola, Eguen Santuko [apirilak 1] 19:00etako meza, Bariku Santuko [apirilak 2] 17:00etakoa eta Pazko domekako [apirilak 4] 10:30ekoa. Horrez gain, zapatuan [apirilak 3] Pazko Gaubela ere egongo dela jakitera eman du, baina hori ez dute telebistatik emango. “COVID-19a dela eta 19:00etan izango dugu zapatuan Pazko Gaubela, 22:00etan etxean egon behar gara eta”.
Ondarroan ere ez da egingo prozesiorik, eta Aste Santuko elizkizunetako ordutegiak ere egoera berrira egokitu behar izan dituzte. Esate baterako, Gaubela 18:00etan egingo dute.