Azken orduetan Ondarroan eta Mutrikun erregistratu dituzte kasuak
Ondarroan 6 kasu erregistratu dituzte, eta horren ondorioz gune horian egotetik gune laranjan egotera pasatu da. Mutrikun bi kasu erregistratu dituzte. Jaurlaritzak aurreratu du momentuz ez dutela mugikortasuna gehiago mugatzeko neurririk hartuko, baldin eta mugikortasuna "modu arduratsuan" egiten bada.
Atzo [martxoak 22] 8 kasu erregistratu zituzten Ondarroan eta Mutrikun; Ondarroan 6 kasu erregistratu dituzte, eta bi Mutrikun. Horren ondorioz, bi herriotako intzidentzia tasak gora egin du: Ondarroa gune horian egotetik gune laranjan egotera pasatu da, eta Mutrikuk gune horian egoten jarraitzen du. Dena dela, azken egunetako joera mantenduz gero, litekeena da Mutriku ere gune laranjan sartzea.
Orokorrean gero eta kutsatu gehiago ari dira erregistratzen, baina Jaurlaritzak esan du ez dutela aurreikusten neurri murriztaile gehiago hartzea. “Mugikortasuna mantendu daiteke harremanak mugatzen badira. Hau da, mugikortasuna arduraz egiten bada”, esan du Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak. Dena dela, egunez eguneko bilakaera nolakoa den aztertzen jarraituko dutela eta egoerak okerra egingo balu, neurri berriak hartuko lituzketela aurreratu dute. Labi teknikoa eguaztenean [martxoak 24] batuko da.
Guztira, joan den aste osoan 35 kasu erregistratu zituzten Lea-Artibai eta Mutrikun, duela bi aste baino 11 kasu gehiago eta duela hiru aste baino bat gehiago. Beraz, joera orokorraren isla da Lea-Artibai eta Mutrikuko egoera ere: intzidentzia kasuak goraka doaz, gutxinaka bada ere.
Herriz herriko intzidentzia tasa (eguneratuta):
- Amoroto: 240,96 (=)
- Aulesti: 149,70 (=)
- Berriatua: 238,66 (=)
- Etxebarria: 0 (=)
- Gizaburuaga: 0 (=)
- Ispaster: 0 (=)
- Lekeitio: 69,19 (ia 30 puntu jaitsi da)
- Markina-Xemein: 258,71 (=)
- Mendexa: 0 (=)
- Munitibar: 0 (=)
- Mutriku: 263,46 (ia 40 puntu igo da)
- Ondarroa: 338,51 (ia 60 puntu igo da)
- Ziortza-Bolibar: 0 (=)