Lekittoko Mugimendu Feministiak emakumeentzako espazio propio bat eskatu dio udalari
Lekeition Andraetxe baten premia dagoela azaldu dute. Erreferentziazko gune bat behar dela diote, herriko emakumeentzat.
Andretxea errealitate bihurtu nahi du Lekittoko Mugimendu Feministiak. Horregatik, Lekeition bizi diren emakumeak elkartu ahal izateko espazio bat eskatu diote Lekeitioko Udalari, emakumeen beharrei erantzun eta horiek lantzeko gune sozial eta komunitario bat.
“Lekeitioko emakumeon bizitzak erdigunean jartzea da gure helburua. Horretarako batu, elkar lagundu eta gure etorkizuna eraikitzeko espazio propio bat eskatu diogu udalari”, azaldu dute. Lekeition Andretxe bat egotea urtetako beharra dela diote. “Lekeition ez daukagu non batu eta kalean elkartzen gara. Horrez gain ikusten dugu, adibidez, eraso bat jasan duen emakume batek nora joan izango duela, espazio horretara joateko aukera edukiko du beste emakume batzuekin elkartu, salatu eta lasaitzeko. Gure lekua izango da”.
Joan den asteko eguenean [martxoak 18] egin zuten eskaera, eta udalaren erantzunaren zain daudela aipatu dute. “Beharrezkotzat jotzen dugu espazio propio eta seguru bat edukitzea gure helburuak aurrera eramateko. Izan ere, erreferentziazko gune bat behar dugu herriko edozein emakumerentzat”.