Mutrikuko bandera ere Kopako finalaren lekuko izango da
Gipuzkoako 88 herriak apirilaren 3an jokatuko den Kopako finalean ordezkatuta egongo dira herriko banderekin; tartean, Mutrikukoa ere egongo da.
Barikura [martxoak 26] arte Realaren autobus ofiziala Gipuzkoako 88 herrietatik zehar ibiliko da herri bakoitzeko bandera jasotzen. Talde txuri-urdinaren asmoa, bandera horiek guztiak apirilaren 3an Sevillako La Cartuja zelaian Athleticen aurka jokatuko duten Kopako finalera eramatea da; Mutriku, beraz, modu sinbolikoan bada ere finalaren lekuko izango da. “Ez da zalerik egongo harmailetan, baina Reala ez da bakarrik egongo Sevillan. Gipuzkoa eta bere herriak Sevillan ere ordezkatuta egongo dira, partidaren aurreko orduetan taldeak bere jende guztiak hurbil senti dezan”, azaldu dute talde txuri-urdineko iturriek.
Realaren autobus ofiziala astelehenean [martxoak 22] igaro zen Mutrikutik. Realeko ordezkariek Joseba Palenzuela alkatearen eta Lutxo Iturrino Realeko jokalari ohi mutrikuarraren eskutik jaso zuten herriko bandera. Trukean, udaletxeko balkoian zintzilikatzeko Gurekin leloa daraman Realaren bandera jaso zuten Mitxel Loinaz Realeko jokalari ohiaren eta Joseba Ibarburu Realeko ordezkariaren eskutik.