Espazioaren banaketa berria adostu dute udalak eta merkatariek. Horrela, COVID-19a dela eta ezarritako arauak errespetatzen jarraituta, merkatari guztiek astero etortzeko aukera edukiko dute.
Ondarroako Itsasaurreko martitzenetako merkatuan ohiko dendari guztiak egongo dira gaurtik [martxoak 23] aurrera. Orain arte, COVID-19 pandemia dela eta txandaka etortzen ziren, hiru astetik behin, baina merkatariekin elkarlanean, espazioaren berrantolaketa bat egin du udalak, eta horrela, COVID-19a dela eta ezarritako arauak errespetatzen jarraituta, guztiek astero etortzeko aukera edukiko dutela azaldu dute.
Udaletik jakitera eman dutenez, Gabonetatik lankidetzan aritu dira merkatariak eta udala espazioa zelan banatu erabakitzeko, eta postu guztien banaketa berria adostu dute. Guztira, 23 postu egoten dira merkatuan.