Arrainez bete da Ondarroako lonja
Baxurako arrantzaleek milioi bat kilo berdel baino gehiago porturatu dituzte egunotan. Kiloa, bataz beste, 95 zentimoan saldu da bentan.

Baxurako arrantzaleak hozkailuak arrainez bete-bete eginda porturatu dira egunotan Ondarroan. Gaur [martxoak 25], esate baterako, eguna egin orduko arraina etengabe deskargatzen aritu diren marinelez bete dira moilako txoko guztiak. Bentalekuan, egia esan, arraina saldu eta saldu ibili dira goiz osoan, atsedenik ia hartu barik eta lonja ere berdel eta antxoa kaxa berdez bete-beteta egon da. “Aurreko egunetan ere arrain asko egon da, baina, nire ustez, denboraldia hasi denetik ez da egon gaur beste arrain lonjan”, azaldu du erosle batek.
Lehen orduetan, batez ere, berdela saldu dute. Kofradiako arduradunek emandako datuen arabera, 211.904,10 kilo saldu dituzte. Oro har, tamaina ederreko aleak saldu dituzte; kiloa, bataz beste, 96 zentimoan ordaindu da bentan.
Goizak aurrera egin ahala, antxoak ordezkatu du berdela bentan. Eguerdira arte 131.070,20 kilo saldu dituzte. Tamaina askotariko antxoa saldu dute, baina, lehorreratutako kaxetan txikia ugaritu da gehien. Tamaina eta kopurua kontuan edukita, arraina nahikoa merke saldu da bentan; bataz beste, 62 zentimoan saldu da kiloa. “Antxoa gehiena kiloan 55 ale inguruko tamainakoa izan da, baina tamaina handiagokoa, kiloan 40 ale ingurukoa, garestiago saldu da; kiloa 2 euro inguruan”.

Ondarroako lonja, gaur goizean, arrain kaxez beteta.
Antxoaz eta berdelaz gain, sardina ere lehorreratu dute ontziek. Eguerdira arte 7.173,50 kilo saldu dira bentan. Prezio onean saldu da arraina, kiloa, bataz beste, 1,55 euroan.
Aurreko egunetan ere berdel kopuru handia deskargatu dute Ondarroan. Astelehenetik [martxoak 22] eguaztenera [martxoak 24] bitartean 932.331,30 kilo porturatu dituzte; kiloa, bataz beste, 95 zentimoan saldu da bentan. Denbora tarte berdinean, aldiz, 192.639,80 kilo antxoa eta 27.613,80 kilo sardina lehorreratu dituzte; antxoa kiloa, bataz beste, 1,32 euroan saldu da antxoa kiloa eta 93 zentimoan sardina kiloa.