Uztaileko jaien ordezko proposamenak egiteko bilera egingo dute Markina-Xemeinen
Martitzenean [martxoak 30] egingo da bilera udaletxeko bilkura aretoan. Egun berean egingo da baita ere bizikleta ibilbideen inguruko batzarra.
Uztaileko jaien ordezko kultur proposamenak egiteko bilera deitu du Markina-Xemeingo Udalak datorren martitzenerako [martxoak 30]. Udaletxeko bilkura aretoan egingo da bilera, 19:00etan, eta edukiera mugatua izango da. Hori dela eta, bertara joateko asmoa daukatenek aurretiaz baieztatu beharko dute asistentzia komunikazioa@markina-xemein.eus helbide elektronikora mezua bidali eta izen-abizenak zehaztuta.
«Talde eta elkarteen kasuan, talde bakoitzetik kide bakar batek parte hartzea eta izena ematean zein talderen ordezkari den zehaztea komeni da», azaldu dute.
Bizikleta ibilbideak. Bestalde, herriko bizikleta ibilbideen inguruko batzar irekia ere egingo da egun berean [martitzena, martxoak 30], 18:00etan, udaletxean. Jakitera eman dutenez, abenduan egindako lehen saioaren jarraipena izango da, bizikleta-ibilbideen bigarren fasearen nondik-norakoak eta proposamenak herritarrekin partekatzeko.