Hiru pertsona zauritu dira Ondarroako saihesbidean gertatutako istripuan
Bi autok aurrez aurre talka egin dute, eta ondorioz, hiru pertsona zauritu dira. "Zaurituak harrapatuta geratu dira, eta suhiltzaileak joan behar izan dira". Beste bi istripu ere gertatu dira, bat Milloin eta beste bat Lekeitio eta Ondarroa arteko kostaldeko errepidean.
Ertzaintzak esan duenez, istripua 07:50ean gertatu da, Ondarroa eta Berriatua arteko saihesbidean, 59. kilometroan. Seat Ibiza eta Renault Kangoo batek aurrez aurre talka egin dute, eta ondorioz, 23, 36 eta 41 urteko hiru emakume zauritu dira. “Zaurituak harrapatuta geratu dira, eta suhiltzaileak joan behar izan dira. 09:15ak inguruan atera dituzte ibilgailuetatik”.
Zehaztu dute Markina-Xemeingo eta Iurretako suhiltzaileak bertaratu direla. Ertzainek esan dutenez, Renault Kangooko 41 urteko bidaiarietako bat Gurutzetako ospitalera eraman dute Osakidetzako helikopteroan; beste zauritu biak (Seat Ibizako 23 urteko bidaiaria eta Renault Kangooko 36 urteko bidaiaria) Galdakao-Usansoloko ospitalera eraman dituzte anbulantzian.
Istripuaren ondorioz errepidea guztiz moztuta egon da; zirkulazioa Ondarroako herri barrutik egon dira desbideratzen, Errenteriako errepidetik. Garabiek ibilgailuak erretiratu eta errepidea garbitzeko lanekin amaitu ostean, 10:30ean zabaldu dute bidea.
Beste bi istripu. Ertzaintzak adierazi duenez, Berriatuan, BI-2405 errepidean, beste istripu bat egon da 06:45ean. Zehaztu dutenez, Milloiko errepidean Lekeitioko noranzkoan zihoan moto gidari batek basurde baten kontra talka egin du. “Kolpearen ondorioz, BMW markako moto gidaria lurrera erori da. Zauritua Galdakao-Usansoloko ospitalera eraman dute anbulantzian. Dakigunaren arabera, basurdeak ihes egin du”.
Istripu horrez gain, Ondarroa eta Lekeitio arteko kostaldeko errepidean ere beste istripu txiki bat gertatu da. Horretan, baina, Ertzaintzak ez du parte hartu izan behar.