Etxebarriko Zulueta baserriraino eramango dute ura
Lanak ekaina eta uztaila bitartean egingo dituzte. Markina-Xemeingo Udala eta Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoagaz elkarlanean gauzatuko dituzte.
Etxebarriko Udalak ur sarea Zuluetaraino zabaltzeko asmoa dauka. Izan ere, gaur egun, inguru horretako auzokideek ez dute hornidurarik, eta ponpaketa bidez ur biltegitik Zuluetaraino ura eramatea dute helburu.
Jesus Iriondo Lejardi Etxebarriko alkateak azaldu duenez, hiru baserri daude ingurune horretan ur edangarririk ez dutenak eta ur gutxi edukitzen dute gainera. «Bidean ere badago beste bat, eta animaliak dituzten abeltzainek ere uraren falta daukatela jakinarazi digute. Beraz, guztira, bospasei erabiltzaile izango dira».
Ekaina eta uztaila bitarterako aurreikusi dituzte lanak, eta jakitera eman dutenez, Markina-Xemeingo Udala eta Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoagaz elkarlanean gauzatuko dituzte. «Obrak udalen esku geratuko dira, eta patzuregoaren ardura besteak beste hoditeria eta ponpaketa izango dira».
Lan horiek eginda, etorkizunean ura Etxesagasti ingururaino eramateko moduan geratuko litzatekeela ere gaineratu du Etxebarriko alkateak.
Bestalde, azpiegitura hori guztia aurrera eramateko diru laguntza eskatuta daukatela ere jakitera eman du.