Erronkan ezarritako kopuruaren bikoitza batu dute ispastertarrek
Alain Kortabitarte Bilbao 5 urteko aulestiarrari iazko ekainean diagnostikatu zioten Menke-Hennekam sindromea, eta gaixotasun horren ikerketan laguntzeko elkartasun ekintza egin dute Ispasterren.
Menke-Hennekam sindromearen ikerketan laguntzeko ekintza egin zuten Ispasterren, zapatuan [martxoak 27]. Udalak gutxienez 300 kilo zabor batzeko erronka ipini zien herritarrei, eta 630 kilo bildu zituzten.
Hamasei talde aritu ziren udalerriko hainbat eremutan hondakinak biltzen. “Parte hartu zuten denek esan ziguten ez zutela espero hainbeste zabor batzea. Hasi aurretik uste zuten askorik ez zutela batuko. Adibidez, udaletxeko kamioia osorik bete zen, 332 kilogaz”, azaldu dute udal ordezkariek, eta zapatuko ekintzan parte hartu zutenei eskerrak eman dizkiete: “Oso pozik eta gustura aritu ginen. Ea datorren urtean hobeto gauden eta beste era batera egin ahal dugun”. Erronka beteta, Menke-Hennekam gaixotasunaren ikerketara 500 euro bideratuko ditu udalak.