Diotenez, jazarpenaren jatorria egoera ekonomikoa okertzearekin dago lotuta. Datozen asteetan herritarren iritziak eta testigantzak jasoko dituzte.
Lea-Artibaiko Gazte Koordinadora Sozialistak esan du jazarpen poliziala salatzeko kanpaina politiko bat jarri dutela martxan, Jazarpenaren aurrean, eskubide zibil eta politikoak defendatu lelopean. Aurreratu dutenez datozen asteeetan kalean ibiliko dira gai horren inguruan herritarren iritziak eta testigantzak jasotzen.
Diotenez, jazarpenaren jatorria egoera ekonomikoa okertzearekin dago lotuta. “Egoera okertzean, estatu burgesak beti erabili du bere aparatu errepresiboa langileria kolpatu eta berak nahi duen moldeetara egokitzeko. Egun ere, antzeko egoera batean aurkitzen omen gara, burgesiak ezarri nahi dituen erreforma sozial guztiak aplikatzeko darabilen tresna efektiboetako bat delako errepresioa, askatasunen ezabapena eta jazarpen poliziala. Ezarri nahi dituen erreformek, etorkizuneko sistema produktiboak beharrezkoa duen langileria ekoizteko helburua dute”.
Horren aurrean, jazarpen polizialaren gorakadaz hausnartu eta honen zergatien inguruan haien iritzia zabaltzearen beharra ikusi dute GKSko kideek. “Eskubideen defentsa eta askatasunen aldeko antolakuntzaren alde” lanean dihardutela adierazi dute.