Gizarte larrialdietarako laguntzak eskatzeko epea zabalik daukate Lekeition
Egoera larriak saihestera edo geldotzera bideratuta daude laguntzak. Gizarte zerbitzuetan egin behar da eskaria.
Baliabide ekonomiko nahikorik ez dutenei diru-laguntzak eskaintzen dizkie Lekeitioko Udalak. Laguntza horiek baliabide ekonomiko nahikorik ez dutenei zuzenduta daude eta egoera larriak saihestera edo geldotzera bideratuta daude, hala nola alokairua, energia, elikagaiak, hezkuntza edota bestelako oinarrizko gastuei aurre egiten laguntzeko izaten dira.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bidez ematen ditu laguntzak udalak, eta beraz, laguntza ekonomiko hori jaso ahal izateko, gizarte zerbitzuetan egin behar da eskaria.
Udalak jakitera eman duenez, azken urtean, nabarmen egin du gora eskaera kopuruak. “Pandemia egoerak eragin handia izan du familien ekonomian. 2019. urtean 50 onuradun izatetik 2020an ia bikoiztu egin zen kopurua 96 onuradunera igoz”. Guztira, Lekeition, iaz, laguntza horretarako 134.000 euro bideratu zirela zehaztu dute.