Konposta doan ematen hasi da Lea-Artibai Amankomunazgoa
Konposta jaso nahi dutenek telefonoz egin behar dute esakera (900-10 48 78), eta onartu eta gero, zehaztutako egunean eta orduan Amankomunazgoak Berriatuko Milloi auzoan daukan gunera joan beharko duten jasotzera.
Lea-Artibain 2018an hasi ziren hondakin organikoak birziklatzen. Amankomunazgoak Berriatuko Milloi auzoan daukan gunean batzen du hondakin hori guztia, eta ondoren Bizkaiko konpostegira bideratzen dute. Orain, hondakin organiko horietatik sortutako konposta ekarri dure Milloiko Andonegi pabilioira, eta herritarrek doan hartu ahal dute.
Nola eskatu? “2018tik ari gara Bizkaiko konpostategira materia organikoa eramaten eta, orain, urte hauetan guztietan sortu den konposta banatzeko aukera daukagu”, esan dute Amankomunazgoko ordezkariek. Konposta jasotzeko, baina, herritarrek aldez aurretik telefonoz deitu behar dute (900-10 48 78), eta ondoko datuak eman beharko dituzte: izen-abizenak, helbidea eta herria eta eskaria egiten duen data.
Nola jaso? Eskaria onartu eta gero, eskatzailea bera joan beharko da Andonegira, telefonoz zehaztutako egunean eta orduan. “Konposta hartu bakoitzean gehienez ere zaku bat jaso ahalko da (1x1x1 metro tamainakoa). Zakua eskatzaileak berak ekarri beharko du, baita ere pala bat. Eta eskatzaileak berak bete beharko du zakua”.
Horrez gain, ondokoa ere esan dute: “Hartzen den konposta ezingo da saldu edo hirugarren bati eman, ezta Lea-Artibai Amankomunazgokoa ez den beste udalerri batean erabili ere. Eta konpost gehiago behar izanez gero, berriro eskaera egin beharko da”.