Ondarroak "inoizko tasarik altuena" daukala ohartarazi du udalak
Gaineratu du aste honetako positibo gehienak 19-40 urte bitarteko herritarren artean erregistratu dituztela. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak bilera telematikoa eduki du Osasun sailburugaz.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak bilera telematikoa eduki du gaur [martxoak 31] Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuagaz. Bilera horretan parte hartu dute baita ere eremu gorrian dauden beste herri batzuetako alkateek. Bedialaunetak esan du Osasun sailetik azpimarratu dutela azken asteko hazkundea “oso handia” izan dela: 56 positibo. Esan dute bilera herriz herriko errepasoa egin dutela.
Gaineratu du aste honetako positibo gehienak 19-40 urte bitarteko herritarren artean erregistratu dituztela. “Orain arte adin tarte ezberdinen artean nahikoa homogeneoak izan dira kasuak”. Oro har, pandemia hasieratik Ondarroak inoiz baino kutsatze tasa handiena (875,45) daukala ohartarazi du Bedialaunetak. “Orain arte Ondarroa eremu gorrian egon izan denean ez da 600eko tasatik pasatu”.
[ikus Lea-Artibai eta Mutrikuko EGOERA EPIDEMIOLOGIKOA]
Ondarroako Udalak eta Osasun Sailak orain arte bezala elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, “egoerari ahal bezain laster buelta ematen ahalegindu eta egoera hobetzeko”.