Markina-Xemein eta Ondarroa, gune gorrian
Aurreikuspenak beteta, Markina-Xemein ere gune gorrian sartu da gaur, eta bihartik aurrera gune gorrian dauden herriei ezarritako neurriak sartuko dira indarrean. Berriatua, aldiz, zerrendatik atera da, eta Ondarroak gutxienez beste astebetez jarraituko du itxita egoten. Azken hiru egunetan 23 kasu erregistratu dituzte, erdiak baino gehiago Ondarroan.
Barikutik domekara bitartean [apirilaren 9tik 11ra] 23 kasu erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 13 Ondarroan erregistratu dituzte, 4 Mutrikun, 3 Markina-Xemeinen, 2 Berriatuan eta 1 Lekeition. Horren ondorioz, Ondarroak gune gorrian egoten jarraitzen du, eta Markina-Xemein ere gune gorriko herrien zerrendara gehitu da. Bestalde, Berriatua gune gorritik kanpo geratu da, azken zazpi egunetan lau kasu erregistratu dituztelako eta gune gorrian sartzeko 4 baino gehiago erregistratu behar direlako.
Oro har, joan den aste osoan [apirilaren 5etik 11ra] 78 kasu erregistratu zituzten Lea-Artibai eta Mutrikun; urtarrilako azken asteaz geroztik erregistratutako intzidentzia tasarik altuena da.
Aipatzekoa da Mutrikuren egoera. Izan ere, azken egunetan intzidentzia tasak gora egin du, eta gaur gaurkoz gune laranjan badago ere (338,73ko tasa), goranzko joera mantenduko balitz, datorren astean gune gorriko herrien zerrendan sartuko litzateke.
Ondarroako udal ordezkariek berretsi dute positibo gehienak 19 eta 40 urte bitarteko herritarren artean erregistratzen jarraitzen dutela. Osasun sailak momentuz ez dauka aurreikusita Ondarroan baheketa masiborik egitea
Azken egunetako irakurketa. Labi Aholku Batzordeak martxoaren 26an esan zuen 400dik gorako tasa zuten herriak perimetralki itxiko zituztela. Neurri berriak iragarri eta hurrengo egunean Ondarroak 583,63ko tasa zeukan, baina neurriak indarrean sartu ziren egunean [martxoak 29], 700,36ko tasa erregistratu zuen Ondarroak. Udal ordezkarien berbetan datu hori “inoizko tasarik altuena” zen. Eta ordutik Ondarroako tasa goraka joan da. Hala, Jaurlaritzak apirilaren 6an intzidentzia tasak eguneratu zituenean, Ondarroak 1.27,20ko tasa zeukan, eta perimetralki itxita egoten jarraitu zuen. Egun horretan, baina, Berriatua ere itxita geratu zen, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herriak gune gorrian sartzeko baldintzak betetzeagatik. Gaur, baina, zerrenda horretatik kanpo geratu da.
Markina-Xemeingo intzidentziak ere okerrera egin du. Hala, Jaurlaritzak herriz herriko tasak eguneratu eta hurrengo egunean, herria gune gorrian sartu zen, 417,91ko tasagaz. Dena dela, perimetralki ez zen itxita geratu eta ez ziren neurri murriztaileak ezarri, Jaurlaritzak tasak eguneratu zituen egunean [apirilak 6] ez zuelako 400eko tasa gainditzen. Gaur, baina, egoera bestelakoa da eta gune gorriko herrien zerrendan sartu da. Beraz, Markina-Xemeinen ere neurri murriztaileak indarrean egongo dira bihartik aurrera [apirilak 13].
Herriz herriko intzidentzia tasa (eguneratuta):
- Amoroto: 963,86
- Aulesti: 0
- Berriatua: 795,54 (ia 200 puntu jaitsi da)
- Etxebarria: 0
- Gizaburuaga: 1.000
- Ispaster: 134,41
- Lekeitio: 166,04
- Markina-Xemein: 417,91
- Mendexa: 211,86
- Munitibar: 0
- Mutriku: 338,73
- Ondarroa: 1.003,85
- Ziortza-Bolibar: 0
*OHARRA: 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herriek hiru baldintza bete behar dituzte 400dik gorako herriei ezarritako neurri murriztaileak ezartzeko: 400dik gorako tasa edukitzea, dagokion osasun eremuak ere 400dik gorako tasa edukitzea eta azken egunetan lau kasu baino gehiago edukitzea.
Araba eta Gipuzkoa ere gune gorrian sartu dira, eta, ondorioz, perimetralki itxita egongo dira gutxienez datorren asteko martitzenera arte [apirilak 20]
Ondarroako udal ordezkariek esan dute Osasun sailagaz harremanetan egon direla, eta azken horiek esan dietela momentuz ez dutela aurreikusten Ondarroan baheketa masibo bat egitea. Hori bai, udal ordezkariek berretsi dute positibo gehienak 19 eta 40 urte bitarteko herritarren artean erregistratzen jarraitzen dutela. “Osasun langileek esan digute bi foku egon direla: Aurrerako gizonezko nagusien taldean bat, eta bestesa herrian egindako bi bazkari eta afari batean”.
Lurraldeak. Araba eta Gipuzkoa ere gune gorrian sartu dira, eta, ondorioz, perimetralki itxita egongo dira gutxienez datorren asteko martitzenera arte [apirilak 20]; Arabak 423,97ko intzidentzia tasa dauka, eta Gipuzkoak 483,30ekoa. Bestalde, Bizkaiak gune laranjan egoten jarraitzen du, 354,38ko tasarekin.
Jaurlaritzak apirilaren 19an eguneratuko du berriro ere herriz herriko intzidentzia tasa.