Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak ekintza bereziekin ospatuko du 75. urteurrena
Asteburu honetan hasiko dira ekintza bereziekin, eta 'Bideak' dokumentala emango dute domekan [apirilak 18]. Arabako Markinatik Markina-Xemeinera arteko lau irteera ere antolatuko dituzte.
75 urtetako ibilbidea osatuko du aurten Artibai Mendigoizale Taldeak, eta pandemia egoera honetan ekintzak antolatzea erraza ez bada ere, urteurrena ospatzeko zer edo zer berezia egitea erabaki dute. Asteburu honetan hasiko dira, ekintza bereziekin. Mendigoizale taldearentzat esanguratsua den data bat aukeratu dute horretarako.
1946ko apirilaren 18an egin zen Maaxa-Kalamuan Alpino edo Artibai Mendigoizale Taldearen lehenengo ekintza ofiziala; postontzia jarri zuten mendi horren tontorrean. Egun hori gogoan, domeka [apirilak 18] goizean Maaxa-Kalamuara joateko deia luzatu dute mendigoizale taldekoek. Orain dela bost urte ere, 70. urteurrenean, orientazio mahaia jarri zuten bertan, eta oraingoan ere, mendi eder horregaz gozatzera animatu dituzte mendizaleak. «1996 urtean pentsatu genuen orientazio mahai hori jartzea eta 20 urte beranduago bete genuen asmoa», gogoratu dute.
Arratsalderako, berriz, Bideak dokumentalaren emanaldia prestatu dute. Dokumental horrek Aritz Ganboa Arruazuko artzainaren erronka eta bidean gertatutako guztia biltzen ditu: Ganboak Arruazun Idiazabal jatorri izendapena duen gazta bat egin eta mendian zehar korri eginez Izabaraino eraman zuen soinean, Pirinioak zeharkatuz etapa bakar batean, bertako artzain batek eginiko Erronkariko jatorri izendapena duen gazta bategaz elkartzeko. Erronka horrek ondare, kultura, ingurune, paisaia, ekonomia, historia, gastronomia eta beste hainbat kontu balioan jartzeko bidea eman zion Ganboari, eta guzti horretaz, protagonistagaz beregaz hitz egiteko aukera ere egongo da filma amaitutakoan.
Dokumental horren emanaldia eta ondorengo solasaldia Esperantza aretoan izango dira, baina edukiera mugatuta egongo da. Sarrerak udaletxeko kutxazainean daude salgai.
Arabako Markina eta Markina-Xemeinerain lotuko dituen lau ibilaldi antolatuko dituzte aurten, jendeari parte hartzeko aukera emateko
Markinatik Markina-Xemeinera. Irteera berezi bat ere prest daukate urteurrenaren harira. Arabako Markina herritik Markina-Xemeinerainoko ibilaldiak antolatuko dituzte. Bost urtean behin antolatu ohi dute Arabako udalerria eta Bizkaikoa lotzen dituen irteera berezia, eta momentuko egoera dela eta, aurtengoa are bereziagoa izango da oraindik.
Lau data ezarri dituzte ekintzarako, eta 25 laguneko taldeetan egingo da ibilbidea. «Ez da martxa edo lehiaketa bat izango, lagunarteko irteera bat bezala antolatuko dugu», argitu dute. Datak ondorengoak izango dira: ekainak 12, uztailak 10, irailak 4 eta urriak 2. «Ibilbide bera egingo da lau irteeretan, jendeari parte hartzeko aukera emateko. Izan ere, horrelako ekintza bat talde handiegiagaz egitea ezinezkoa dela ikusten dugu».
Parte hartzaileak autobusez joango dira Arabako Markinaraino, eta han ekingo diote bideari. 04:00ak aldera martxan jarri eta Gorbea gauez igotzea dute asmoa, eta 18:00etarako Markina-Xemeinen egotea aurreikusten dute. «Gutxi gorabehera 14 orduko ibilaldia izango da». Ibilbidean ez da seinalerik egongo, beraz, gidari batez lagunduta joango da taldea. Janaria ere bakoitzak berea eraman beharko du.
Urteurrena borobiltzeko, bestalde, maskarak eta kamiseta berriak ere atera dituzte. Aste honetan bertan ailegatu zaizkie azkenak.
Indartsu. 75 urte igaro eta gero, indartsu jarraitzen du Artibai Mendigoizale taldeak. 700 bazkidetik gora ditu, eta inoizko federatu kopuru handiena eduki dute aurten, 240 lagun. Hala ere, orokorrean mendi talde guztiei gertatzen ari zaien modura, jendea falta dute antolakuntzarako. «Lehen mendi taldeek betetzen zituzten funtzio batzuk galdu egin dira. Jendea mapa edo informazio bila etortzen zen edo mendian hasteko mendi taldeengana hurreratzen ziren. Gaur egun, aldiz, Internetek eskura jarri dituen aukerekin –mapak, informazioa…–, federatu bai, baina ez dira taldera hurreratzen», azaldu dute.
Ekimenak antolatzeko boluntariorik ez badago taldea desagertzera ailegatu daitekela ikusten dute, «eta hori mendian inoiz baino jende gehiago dabilenean». «Mendizaletasun olatu hori oso positiboa da, eta aprobetxatu behar da, baina beste alderdi horregaz ere jabetu arazi nahi ditugu mendizaleak. Hemen buzoi bat dago, baina buzoi hori bateren batek ipini du mendian».
Buzoi berria jarriko dute Learregin (Madalena auzoan) berriatuarrekin batera.
Dena dela, taldeak proiektu ugari ditu esku artean. Buzoiak berrizteko plana besteak beste. Artibai Mendigoizale Taldea Markina-Xemeinen kokatuta egon arren, inguruko herrietakoak ere badaude taldean. Horrela, buzoiak jarri dituzte Ziortza-Bolibarren, Berriatuan, Aulestin… inguruko mendi askotan. Eta bide horretatik, buzoi berria jarriko dute Learregin (Madalena auzoan) berriatuarrekin batera. «Galduta daudenak edo zaharkituak berritzea da asmoa. 1996an jarri zen adibizez Learregiko buzoia eta ugartuta dago eta berriztatu egin behar da».
Azken urteetan eskalada guneak berrizten ere lagundu dute. «Laguntza bat bideratu da horrek berrizteko. Santa Eufemikoa ere berreskuratzen ari dira eta Bedartzaundin ere, Aulestiko Udalagaz batera, berrizteko asmoa dago». Horrez gain, MX1 eta MX2 ibilbide berriak ere sortu dituzte, eta aurtengo urterako ere Iturreta aldean MX3 sortzea dute helburu, udalaren eta Ahaztuen Oroimenaren laguntzagaz.
Bestalde, gazteei begira ekimenak antolatzen ere saiatu dira azken urteetan. Iaz esaterako alpinismo ikastaroa antolatu zuten. «Pandemiagatik iaz bertan behera geratu zen, eta aurten ere bertan behera geratu da».