Nahia Quincocesek Adamellon amaitu du denboraldia
Mendiko eskiaren distantzia luzeko Grande Course nazioarteko zirkuituaren barruko proban parte hartu berri du Nahia Quincoces mendexarrak Ana Alonsogaz batera. Munduko Kopako probak lehiatzeari utziko diola iragarri du.
Nahia Quincoces mendexarrak Ana Alonso granadarragaz lehiatu zuen Adamello Ski Raid proba zapatuan, eta seigarren amaitu zuten.
Aurten antolakuntzak ibilbidea egokitu behar izan du, COVIDagatik mendi-aterpeak zarratuta daudenez, aurreko urteetako ibilbidea egitea ezinezkoa baitzen: “Ezin zen glaziarrean hainbeste sartu, baina, hala ere, lasterketa oso polita egitea lortu zuten. Bi kanal jaitsi behar izan genituen, oso politak”. 3.000 bat metro desnibeleko eta 34,32 kilometroko proba lehiatu zuten. Hasieran “gogorra” egin zitzaion, arin, erritmo bizian irten baitziren aurrekoak, eta eurei segitzea gogorra egin zitzaion. Baina, behin erritmoa hartuta, gustura ibili zen. Lau, bost eta seigarren postuetarako lehian aritu ziren. “Agian beti nahi izaten da gehiago, baina egindakoagaz eta emaitzagaz gustura nago, pozik”. Halako lasterketa batean parte hartu ahal izatearen garrantzia azpimarratu du.
Mendiko eskiaren Grande Course nazioarteko zirkuituaren barruan, aurtengo denboraldian libreki izena eman ahal izan duten proba bakarra izan da, gainontzeko denetara selekzioen bitartez solik joan ahal izan baitira. “Lasterketa hauek alpinoagoak eta distantzia luzeagokoak izaten dira, eta orokorrean, niri gehien gustatzen zaizkidan lasterketa motak dira”.
Mendexarrak iragarri du Munduko Kopako probak lehiatzeari utziko diola: “Munduko Kopan parte hartu dudan azken denboraldia izan da. Maila horretan egoteko eskatzen dutena asko da. Lehiatzen segituko dut, baina maila honetan ziurrenik ez dut gehiago parte hartuko”.
Aurtengo denboraldia hasi aurretik zein denboraldian zehar ziurgabetasuna nagusi izan badute ere, espero baino lasterketa gehiago egin ahal izan dituzte, eta hori pozgarria dela dio: “Ez nuen espero hainbeste lasterketatan parte hartzea eta lasterketa pila bat aurrera ateratzea. Aurten horregaz geratzen naiz. COVIDaren kontuagatik, badakit askotan oztopo asko eduki dituztela”. Tokian tokiko antolakuntzetatik eta federazioetatik ahalegin handia egin dutela nabarmendu du, boluntarioak eta baimenak lortzen, adibidez.
Emaitza aldetik ez da izan bere “denboraldirik onena”, baina egungo egoeran maila altuko lasterketa askotan parte hartu ahal izategatik “oso pozik” dago. Prestaketan, entrenamenduetan eta sasoian, bere mailan egotean ere eragin dio gaur egungo egoerak: “Agian ziurgabetasun horregatik, hasieran momentu batzuetan kostatu egin zait behar besteko espezifiko entrenatzea lasterketa laburretarako. Aerobikoki ondo sentitu naiz, baina txispa gutxiagogaz. Txispa falta sentitu dut batzuetan. Lasterketa labur eta oso intentsoetan agian ez naiz hain ondo sentitu, baina luzeagoetan, gustura”.
Denboraldiko balorazio orokorra egitean dio arantzarik ez zaiola geratu, baina denboraldi amaierako distantzia luzeko proben falta igarri du. Horiek egin ez izanaren “penaz” dago: “Denboraldi amaieran egiten diren distantzia luzekoen eta alpinoenen artean hauxe bakarrik egin da, Adamello. Eta mota horretakoak dira nire gusturako politenak. COVIDagatik bertan behera geratu dira beste batzuk, eta horietan parte hartzeko gogoagaz geratu naiz”.
Mendiko eskiko denboraldia amaituta, ekainerako erronka berri bat prestatzeari ekingo dio. Nazioarteko raid batean parte hartuko du Alpeetan, Frantzian. “Guztiz estilo ezberdineko lasterketa da, orientazioko raid bat, multiabenturakoa. Ekainaren azken astean egun bat baino gehiagotan egingo dugu, launaka. Atseden pixka bat hartu eta horretarako prestatuko naiz. Erronka desberdina eta polita da”.