Ondarroako Udalak kiroldegiko kantxa eskaini dio Jaurlaritzari, "txertaketan laguntzeko"
Erakundeen arteko elkarlana bultzatzeaz gain, herriko nagusienek Durango edo Galdakao-Usansoloko txertaketa guneetara joan beharrik ez edukitzeko egin diote proposamena.
Ondarroako udal ordezkariek esan dute eskaintza hori egin diotela Osasun sailari txertaketa kanpainan laguntzeko eta baita ere herriko nagusienek Durango edo Galdakao-Usansoloko txertaketa guneetara joan beharrik ez edukitzeko. “Erakundeen arteko elkarlanarekin prozesua hobetzeko aukera daukagula uste dut. Elkarlanean aritzeko momentua da, ez baita erraza egoera hau eta txertaketa prozesua kudeatzea”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.
Hain zuzen ere, esan dute Ondarroako adineko pertsona asko zuzendu direla azken aste eta egunetan udal ordezkariengana txertaketa prozesuaren inguruko iritzia ematera. “Gehienek bat egiten dute adineko pertsonentzako zaila dela Galdakao-Usansoloko ospitalera edo Durangoko Landako gunera joatea; gune horietara joateko senide baten laguntza behar dutela esan dute gehienek”. Beste batzuk, ostera, autobusean ordubete baino gehiagoko bidaia egin behar izaten dutela esan diete. “Horrez gain, egun batzuetan jende iladak eta pilaketak ere sortu direla esan digute”, dio Bedialaunetak.
Udalak dio euren ustetan kiroldegiko kantxa dela gutxingo baldintza batzuk “egokien” betetzen dituen gunea
Gaineratu dute Bedialaunetak Gotzone Sagardui sailburuarekin martxoaren 31n eduki zuen bileran ere elkarlanerako prestutasuna erakutsi ziola. “Egoeraren zailtasuna ikusita, denok elkarri laguntzea ezinbestekoa dela uste dut. Zenbat eta elkarlan gehiago egin, orduan eta eragikorragoak izango garela uste dut”.
Kantxaren ezaugarriak. Ondarroako Udalak dio euren ustetan kiroldegiko kantxa dela gutxingo baldintza batzuk “egokien” betetzen dituen gunea: “eremu zabala da, irisgarria, aireztapen egokia dauka, kantxa bera hiru zatitan banatzeko aukera eskaintzen du eta inguruan autoa aparkatzeko lekua dago”. Kirol kantxaz gain, beharrezkoak diren baliabide eta zerbitzu guztiak ere Osasun sailaren esku ipintzeko konpromisoa agertu du udalak.