Santiago Mesa irabazle Markina-Xemeinen
30. Sabin Foruria-Haitzasko Oroimenezkoa txirrindulari lasterketa esprintean erabaki da gaur [apirilak 17]. Parte hartze handia eduki du lasterketak.
Esprintean erabaki da gaur [apirilak 17] Markina-Xemeinen lehiatu den 30. Sabin Foruria-Haitzasko Oroimenezkoa txirrindulari lasterketa. Santiago Mesa Eulen taldeko kolonbiarra izan da garaile (2.41.22).
40 bat txirrindularik osatutako tropelak eginiko esprintean nagusitu da Mesa. Talde horretan joan dira eskualdeko hiru txirrindulari ere: BeƱat Onaindia Etxebarrikoa, Egoitz Aranzeta Berriatukoa eta Patxi Juaristi Markina-Xemeingoa. Hirurak Markina-Xemeingo Txirrindulari Eskolan ibilitakoak dira, eta, beraz, “pozik” agertu dira lasterketaren antolatzaileak, Markina-Xemeingo Txirrindulari Taldekoak.
Lasterketaren hasieratik egon da ihesaldia. Lau laguneko txirrindulari taldeak egin du aurrera lehen kilometroetan, eta horietatik hiru geratu dira gero aurrean Diego Uriarte (Lizarte), Miguel Sanchez (Caja Rural – Seguros RGA), eta Unai Iribar (Laboral Kutxa). 45 segundoko aldea eraman dute iheslariek denbora luzean, baina helmugara iristeko kilometro gutxi falta zirenean harrapatu ditu tropelak, gutxi gorabehera Laiz gainean zihoazenean. Eulen taldeak ahalegin handia egin du iheslariak harrapatzeko, eta azkenean lortu dute. Iribarrek orain dela hiru urte ere hirugarren egin zuen Markina-Xemeingo lasterketan, eta gaur ere lasterketa bikaina egin du. Lasterketa osoan ihes eginda ibili eta gero zazpigarren amaitu du Laboral Kutxako txirrindularia.
Mikel Retegik (Lizarte) eta Rodrigo Alvarezek (Gomur – Cantabria Infinita) osatu dute podiuma. Bigarren eta hirugarren geratu dira, hurrenez hurren.
Parte hartze handia eduki du lasterketak. Euskal Herriko taldeez gain Errioxatik, Segoviatik eta Huescatik ere etorri dira taldeak. Guztira, 190 txirrindularik parte hartu dute, 170 bat Euskal Herriko taldeetakoak eta besteak kanpokoak.