100 urteek merezi duten ospakizuna eduki du Maria Arostegik
Maria Arostegi Oletako Klaudio jatetxeko nagusiak 100 urte bete ditu. Familia eta lagun artean ospatu du, eta besteren artean Hirugarren Adinekoen Elkartekoen, udal ordezkarien eta Oletako Jai Batzordekoen bisita jaso du.
Oletako Klaudio Jatetxeko nagusia da Maria Arostegi. Bere inguruan oso ezaguna da, eta berak jatetxean emandako harrera onagaz akordatzen da jende asko. Zapatuan [apirilak 17] 100 urte bete zituen, eta hurbilekoeenekin ospatu zuen. Kontulari aparta eta memoria oso onekoa da. 100 urtegaz, “pozik eta beste horrenbestean jarraitzeko ilusioz” dago. Herritarren izenean, Ibon Gabiola Amorotoko alkateak lore sorta eman zion zapatuan bertan. Jatetxeko bere leku kuttunenean, sutondoan, hunkituta hartu zituen senide eta lagunak, eta besteren artean, Hirugarren Adinekoen Elkarteko eta Oletako Jai Batzordeko kideak hurbildu ziren bera zoriontzera.
Arostegi jaiotzez Gizaburuagako Gostu baserrikoa da, eta orain dela 65 urte ezkondu zen Klaudio Basterretxeagaz eta orduan joan zen Oletara. Aurretik taberna zena jatetxe bihurtu zuen, eta gaur egun ere saltsa horretan sartuta aritzen da. Goizero jatetxeko zereginen batean laguntzea gustatzen zaio. Haren esanetan, “beharra ona da, burua okupatuta edukitzeko”.