Lekeitioko Udalak eta Lekitto Musika Bandak elkarlanean jarraituko dute
Udalak 31.200 euroko laguntza emango dio Lekitto Musika Bandari, musika ekintzak egiten jarraitu ahal izateko.
Hitzarmen berria sinatu dute Lekeitioko Udalak eta Lekitto Musika Bandak. Horren bidez, udalak 31.200 euroko diru laguntza emango dio herriko bandari musika emanaldiak egiten jarraitu ahal izateko.
“Musikak gure bizitzetan duen garrantzia oso handia da. Doinuekin gozatu eta oroitzapenak gogorarazten dizkigu. Lekeition zorionekoak gara urteetan kontzertuak eta kalejirak eskaini dizkigun musika banda izateaz”, azpimarratu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, Lekitto Musika Bandagaz elkarlanean jarraitzea erabaki dutela esan dute.
Beste hainbat kultur arlotan gertatu den modura, pandemiak eragindako osasun egoerak guztiz baldintzatu du Lekeitioko bandaren jarduna. Jakitera eman dutenez, momentu honetan entseguak ere ezin eginda dabiltza. Hala ere, Lekeitioko Udalak babesa erakutsi nahi izan dio herriko bandari, eta hurrengo hilabeteetan, osasun egoerak hobera egin ahala, ohiko jardunera itzuli eta musika ekintzak egiten jarraitzeko aukera izatea espero dute.