Sektore publiko osoan deitutako greba, eguenean
LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan greba deitu dute apirilaren 22rako (eguena). Lekeition mobilizazioak egingo dituzte, goizean eta arratsaldean.
Enplegu publikoa sortu eta milaka behin-behineko langileren kontsolidazioa galdegiteko mobilizatzeko deia egin dute LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan greba deitu dute eguenerako [apirilak 22]. Lekeition bi mobilizazio egingo dituzte: 11:00etan (sindikatuek deituta) eta 19:00etan (herritarrek deituta). Bi ekintzak udaletxe parean egingo dira.
Sektore publikoa osatzen duten eremu guztiak daude deituta: Udalak, Foru Aldundiak, Osakidetza, Hezkuntza, Administrazio Orokorra, Justizia, Garraio Publikoa, Hedabide publikoak eta gainerako sektoreak.
“EAEko zerbitzu publikoek bizi duten egoera larriaren aurrean, martxoaren 1ean, LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok publiko egin genuen apirilaren 22rako greba deialdia, sektore publiko osorako. Zoritxarrez, hilabete bat baino gehiago igaro denean, esan dezakegu ez Eusko Jaurlaritzak, ez gainerako instituzioek, ez alderdi politikoek, ez dutela urratsik eman sektore publiko osoak jasaten duen behin-behinekotasunaren eta enplegu publikoaren suntsipenaren arazo larriari konponbidea emateko. Argi dago, erakutsitako borondaterik ezaren aurrean, mobilizazioa beste biderik ez digutela utzi”.
Esan dute enplegu publikoa sortzea eta sektore publikoko milaka behin-behinko langileen kontsolidazioa “ezinbesteko aldarrikapena” dela azken urteetan martxan jarritako politikei aurre egiteko: “murrizketak, austeritatea, pribatizazioak, lan-baldintzen prekarizazioa, enplegu suntsipena, eta gure sektore publikoaren etengabeko ahultzea, besteak beste”.
Administrazio guztietan daukaten behin-behinekotasun tasa “onartezintzat” jo dute: “Tasa %40tik gorakoa da, eta ez da salbuespena”
Azpimarratu dute langile horiek urte luzez aldi baterakoak izan arren (behin-behinekotasun egoeran erretiratzera ere iristen dira), “zerbitzu publikoak aurrera ateratzen dituzte egunero”, eta horien ahalegina eta inplikazioa “ezinbestekoa” izan da pandemiari aurre egiteko.
Administrazio guztietan daukaten behin-behinekotasun tasa “onartezintzat” jo dute: “Eusko Jaurlaritzak berak onartu du gure sektore publikoak Espainiako eta Europako behin-behinekotasun tasa handiena duela. Tasa %40tik gorakoa da, eta ez da salbuespena, administrazio, sektore eta eremu guztietan sistematikoki, modu orokorrean eta kasu askotan iruzurrez errepikatzen den errealitatea baizik”.