Bi hitzaldi eskainiko dituzte Ziortza-Bolibarren
Barikuan Manuela Saenz de Bergarari buruzko hitzaldia eskainiko du Simon Bolivar Museoak. Zapatuan, ostera, Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek musika oinarri duen hitzaldi musikatua eskainiko dute.
Alde batetik, Manuela Saenz de Bergara Askatzailearen askatzailea-ri buruzko hitzaldia eskainiko du barikuan [apirilak 23] Zuriñe Rodriguez kazetari eta ikerlariak Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoan. Berbaldia 18:00etan hasiko da.
Saenz de Bergara 1797ko abenduaren 27an jaio zen Quiton (Ekuador). Simon Bolivar Askatzailea Ekuadorreko hiriburuan garaile sartu zenean, Saenz de Bergarak arrosazko eta ereinotzezko koroa bota zion. Bigarren aldiz topo egin zutenean, Bolivarrek ondokoa esan zion: “Anderea, nire soldaduek zuk duzun tiro trebetasuna balute, Espainiari gerra irabaziko genioke”. Handik aurrera eta Bolivar hil arte (1830), Saenz de Bergara haren bikotekide izan zen, baina Hego Amerikaren askatzaileetako bat ere izan zen.
Koplariak koplari, zapatuan. Hitzaldi horrez gain, zapatuan [apirilak 24] Koplariak koplari hitzaldi musikatua eskainiko dute Xabier Amurizak eta Korrontzi taldeko Agus Barandiaranek, 19:00etan, frontoian.
Amurizak azken hamarkadetan batutako kopla zaharrak eta oraintsu sortutako kopla berriak aurkeztu eta kantatuko ditu Barandiaranek trikitixagaz koplei musika jartzen laguntzen dion bitartean. Hitzaldi musikatua deitu badute ere, batez ere kantatutako saioa dela diote.